'Futbolaz'
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Futbolik ez gustatzeko futbola gertuegitik jarraitzea egokitu zaigu batzuoi aste hauetan. Ekainaren 23an, San Joan bezperan, suaren inguruan hasi aurretik berdegune baten ondoan egin genuen dantza, Anoetan. 7.000 lagun baino gehiago elkartu ginen, baina ohikoa ez zuen kolorea zeukan estadioak; inguruan ez nuen pasea gaizki egin zuen jokalariaren zuhaitz genealogikoa sei segundoko esaldi amorratuetan errepasatzen zuen purudun erretxinik aurkitu; ez nuen lantokian isilik emandako orduen haserrea epaileari irainka baretzen zuen bibotedunaren ahotsik entzun. Egun berezia baitzen: Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak lehendabiziko partidua jokatu zuen Anoetan, Eslovakiaren kontra. Seguru asko kontrarioei sekula ez genien hainbeste txalo joko, eta gureei ere, gutxitan. Partida historikoa izan zen, baina historikoa adina izan zen partida ere, eta hunkituta itzuli ginen etxera, gehiagoren gosez. Futbola eta politika, aranak eta ura bezala, ez direla nahasi behar esan ziguten ondorengo tabernetako elkarrizketa batean. Baina gau osoan luzatutako eztabaidek adina balioko luke asteleheneko egunkarietako azal gorriak ikusteak. Futbolak, politika ez izateko, leku handiegia hartzen baitu gure gizartean, gai da krisi hotsak isiltzeko ere. Guri ere gustatzen zitzaigun umetan klasetik atera eta lau jertse zutoin bezala jarrita egiten genuen kirol hori. Telebistan ikusten duguna hori baino gehiago da, ordea. Futbolari estadioak eraiki genizkion behinola; estatuen banderak itsatsi genituen jokalarien kamisetetan. Eta ikasi genuen herriak legeek adina saretzen dituztela sentimenduek. Estatuak ezin baitira eskuekin ukitu, usaindu, ikusi; sinboloek elikatzen dituzte. Eta futbola sinbolo bilakatu zuten Eurokopa asmatu zutenek, Euskal Herriak, Kataluniak, Bretainiak, Flandriak edo Korsikak jokatuko ez zutela erabaki zutenek. Eta ez da asko eskatzen duguna; guk ere baloi zuriaren inguruko su hori nahi dugu guretzat. Auzo lotsa sentitu genuen igande gauean telebistan toreatzaileak, Osborneko Zezendun banderak eta Marge Simpsonenaren tamainako ile-orde gorri-horiak ikusi genituenean. Baina guk ere eskubidea daukagu erridikulu bera egiteko.


