'Titanica'
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Telebista pizten dudan bakoitzean leihotik begiratzeko gogoa sartzen zait. Ohitu ginen Bagdadeko kale sutuetara, ohitu ginen Indonesian urak eramandako herrietako arropa lokaztuetara eta ohitu ginen Fukushimako isiltasun nuklearrera ere. Minutuko minak azkar desagertzen dira gure bihotzetatik. Baina aldatzen ari dira gauzak.Finantzen puxika lehertu zenean helioa arnastuta bezala mintzatzen hasi zitzaizkigun aditu ahituak pantailaz bestaldera, herio betean. Hondora gindoazela esan ziguten, estatua ito egingo zela langabeziaren aparrak gora zihoazen neurrian, eta Europako transatlantikotik botatako flotagailuak sokaz baino katez loturik zeudela ulertu genuen. Ez genien kasurik egin, harik eta gure ingurukoak zurbilago ikusten hasi ginen arte. Orain koadrilakoak ditugu ia “arrisku primak”, “zabor bonuak” eta “zorraren kalifikazio agentziak”.
Akaso, horregatik sartuko zait telebista pizten dudan bakoitzean leihotik begiratzeko gogoa; pantailaz bestalde dagoenak esandakorik sinetsi ezin dudalako. Baina jendea presaka dabil kalean, burumakur, baita Euskal Herriarentzat garai historikoa den honetan ere. Greba batekin eman genion ongietorria Aste Santuari, eta legediaren estutzearekin agurtu gaituzte lanera itzuli garen aste santuan. Manifestazioetan eskuak gora jasota lurrean esertzea poliziak harrika hartzea bezain larria izango da aurrerantzean. Arrazoiaren indarra eta indarraren arrazoiaren arteko diferentzia gutxitze aldera. Orain, zanpatzen gaituztenean, kexatzeko eskubiderik ere ez dugu izango. Ez dago Botswanako zelai batetik, kamuflatzeko txalekoa jantzita, eguzkiagatik begiak itxita agurtzen gaituen agurearen atzeko elefantearen marfil zatiei begiratu beharrik adarra jotzen ari zaizkigula konturatzeko. Mundua pilota beltz bat izango da akaso, begirik gabe noraezean dabilena. Tiroa bota zuenari galdetu beharko zaio nora apuntatu zuen.
Bai, telebista pizten dudan bakoitzean leihotik begiratzeko gogoa sartzen zait, eta gaur Titanic bat ikusi dut hondora doana, Frantziaren eta Portugalen artean. Akaso, iritsiko zen garaia txalupa hartu eta burdinazko erraldoitik urruntzeko: lehen adina arrazoi dauzkagu euskaldun izateko, baina gero eta gutxiago hondora doan estatu bati heltzeko.