'Parisen bizi dira'
Hemen kontua da inork ez duela donostiarra izan nahi, ez behintzat maite ditudan hirikide gehienek: antiguatarrak bateko, groseroak besteko, egiatarrak, amaratarrak, baina donostiar, «aukeran nahiago ez». Izan ere, bestela berehala etorriko zaizu ñoñostiar akusazioa, ez kaskarina (hori ere galdu baita), baizik eta ñoñostiar, hots, babua, txolina, hiriko telebista ofizialeko udako programetan agertzen diren horiek bezalakoa. Segida erraza da: danborrada, zarata gogaikarria; Reala, monarkikoa, eta kastarik gabeko jokalariz betea; Urgulleko zera hori noiz eraitsiko dute?
Espainiako ezkerra kexu da sarri espainiartasuna esku eskura utzi izan zaiolako eskuinari, bada, halaxe ni donostiartasunarekin. Halakoa da donostiar peto ofizialek sortzen duten lotsaizuna! Halakoa donostiar purista horien –kastellano betean beti, noski– arrandia! Parte Zaharreko elkarte gastronomiko karka horietako handi-mandiak, Kontxari begira dauden diskoteka klasistak, egunkari frankoa, egi gutxi eta gezur askoa, igande arratsaldetako erdialdeko ume uniformatu eta guraso paristar ustekoak. Bai, buruz dakizkit horiek guztiak eta askoz gehiago, baina altxa dezala besoa bere herria salbuespenik gabe, baldintzarik gabe, goitik-behera-ezker-eskuin maite duenak. Harentzat kalte…
Donostiartasun bat eramangarria, ez dut askoz gehiago eskatzen, «jasangarria» gure alkateak esango lukeen bezala behin-eta-berriro-denok-gogaitu-arte turismoaz ariko bagina. Donostiartasun sufrigarri bat, uko egiten diena ranking guztiei: munduko hamar hiri onenen artean egoteari uko, hiri gastronomiko behinena izateari, New York Times-en zerrendetan azaltzeari, Europako hondartza onena edukitzeari. Ez da goiburu txarra: «Ez dugu munduko hiri onena izan nahi». Aski dugu gutxiagorekin, aski fotografia atera dizkigute-eta dagoeneko. Konformagaitz fama omen dugu; bada, izan gaitezen erraz konformatzekoak behingoz: bizia borroka-lehia ez den hiri bat, bertan bizitzeko gorputz atalak txikitu behar ez direnak, etxegabe eta etxegabeturik gabeak, bertako hizkuntzan bizi daitekeena, eta liburutegi bat duena, Txillardegi izenekoa. Ez da asko eskatzea. Donostiarra izateko lotsarik gabe, donostiartasun pozaldiko bat; eta ahal dela Donostiaduna, Donostian bizi ahal den donostiartasun bat, alegia. Mereziko al dugu hainbeste.