Berdea
Berdea da Donostia. Hala erakutsi dute azken udal hauteskundeetako emaitzek. Orlegia. Jeltzaleen berdebeltza auzo batzuetan, bildukideen berdehoria beste batzuetan, baina berdea edonolaz ere. Hirian geratzen den esparru gorri bakarra Altza da, eta berdeak gertu gertutik dauzka segika. Kolore adierazpide honek aldaketa baten berri ematen digu, azken hogei urteak kontuan izaten baditugu behintzat. Lehenago, hiriak gehiago zuen gorritik, baita urdinetik ere. Orain aldiz, berdetu egin da, ia bere osotasunean.
Baina nagusitasunen koloreen irakurketa honek udalean eman ditzakeen kudeaketarako aliantzen gainetik (hain legitimo eta pluralak batzuk zein besteak) niretzat, galdera nagusia hauxe da: hiriak duen pintura kapa berri honek zein barne dinamika ahalbidetuko du datozen urteotan? gai izango al gara gure auzo errealitateetatik politika berrasmatzeko beste klabe batzuk mahai gainean jartzen?
Orain dela bost urte inguru, legegintzaldia amaitzear zela, herritar kontsulten araudia onartu zuen udalbatzak aho batez, Axier Jaka zinegotziak ongi gidatutako talde batek idatzia. Bertan ibili ginenok, kontsulten balioaz gain, prozesuan jartzen genuen fokua, kultura politikoa eralda zezakelakoan. Auzitegiek erreglamentua suspenditu egin zuten, baina hala ere, galderak indarrean darrai: gai izango ote gara gure auzoetan parte hartze prozesuak sustatzeko? hiri berde eta anitz honek sortuko al ditu bere baitango behetik gorako dinamika politikoak? Hona nire legegintzaldi berrirako desioa.