Berdin zait
Jada pare bat aste pasatu dira San Sebastian egunetik, aurretik bizi ginen moduan, ondoren ere bizi gara. Azken asteetan komunikabide handi eta ez hain handietan espainiar estatuko CIS (Centro de Investigaciones Socilogicas) delakoren azken emaitzek oihartzun dezente izan dute. Hau izan da titular nagusiena: gizonezkoen %44,1ak uste du berdintasunaren sustapenerako politikak urrunegi heldu direla eta orain eurak direla diskriminatuak.
Ez dakit, bere garaian Soziologia ikasketak egin nituen, honelako titular baten aurrean zer esana izan beharko nuke, analisi mamitsu bat ateratzen erakutsi omen zidaten… Kontua da, aurrekoan, ostiral iluntzean, lagunekin pare bat zerbeza edaten ari nintzela, hau dela atera genuen eta nuen ondorioa: berdin zaigu eta berdin zait.
Beste titularren bat egokiagoa izango litzake. Izan ere, pertzepzioaz harago, neurketa berean etxeko lanei eta seme-alaben zaintzari eskainitako eguneroko minutuei buruz egin duten neurketa dago. Batez beste, emakumeek 172 minutu ematen dituzte, ia hiru ordu egunean, garbitzen, janaria prestatzen edo erosketak egiten. Gizonek, 126 minutu egunean. Arrakala are handiagoa da lanegunetan seme-alaben zaintzaz ari bagara: emakumeek egunean 6,7 ordu ematen dituzte zeregin honetan; gizonek, berriz, 3,7.
Hau datu txiki sinplifikatu bat besterik ez da. Oraindik enteratu ez denak hortxe ditu Denon Bizitza Erdigunean prozesuan Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako analisi lana, eta ondorengo greba orokor feminista. Eta enteratu ez dena nahi izan ez duelako da, bakoitzak pentsa dezala. Horregatik, berdin zait egin den lan guztia eta gero hau guztia ukatzen duenak esan dezakeena.
Eta berdin zait sentsazioa beste gertaera askotara zabal dezakegu. Donostian, adibidez, San Sebastian egunaren giroan, Club Cantabrico danborradako arduradunek eurenean emakumeek ere parte hartzen dutela esan dute, betiere kantinera moduan, hori dela euren parte hartzeko era, eta ez dutela ulertzen zergatik gizonezko tanborrada moduan sailkatzen ditugun: berdin zait, ez zait inporta zer dioten, argi dago danborrada guztiz matxista eta baztertzailea dela, ez gara hau eztabaidatzen jarriko. Berriro errepikatuko dut, egin den lan guztiaren ondoren, danborradan ere, ulertu nahi izan duenak ulertu du, eta nahi izan ez duenak ez, eta punto.
Azken urteotan, feministok izugarrizko pedagogia pila egin dugu, baliteke batzuetan gehiegi, eta argi dut egiten jarraituko dugula. Hau gauza bat da, eta guztiz kontrakoa da egindako lan guztiaren ondoren eta mahai gainean jarritako argumentu zein adibideen ondoren, hau ukatzen dutenekin denbora galtzea. Pribilegioak galdu behar dituztela entzuten dutenean euren mainak aguantatzearena edo haserreei begira egotearena aspaldi amaitu zen.
Ez gaude horretarako, gauza dezente interesgarriagoak ditugu egiteko, izan daiteke azken urteetan irekitako bideetan lanean jarraitzea edo izan daiteke ostiral iluntzean lagunekin pare bat kaña edatea. Itsasoko ura gazia eta ibaiakoa geza den moduan, eta ez daukat inorekin politika feministak behar ditugula eztabaidatzeko asmorik. Berdin zait.