'Berriz ere erlijio irakasleekin bueltaka!'
M. Jose Molina, Laikotasuna kolektiboko kidea.
Bada denboraldi bat uste genuela ezerk ez zigula asaldatuko, baina lur eta zur geratu gara albistearekin: Hezkuntza Sailak hainbat gaietan ordezkapenak egiteko zerrendak zabaldu ditu. Zabaldutako zerrendetako bat erlijioarena dela irakurtzeak harritu gaitu.
Langabe dauden gure lizentziadunek, zenbait baldintza betetzen badituzte, ondo neurtutako zerrendetan izango dute bere izena, prestatuta dauden gaietan ordezkapenak egiteko.
Zer behar da erlijioko irakaslea izateko? Missio Canonica deitzen dena lortu eta zer prestakuntza behar da horretarako? Sei hilabeteko ikastaroa eta apezpikuaren onespena, hau da, erlijioko irakasleak gotzain jaunak aukeratzen ditu, berak jakingo du nola, gainontzeko gajo bekatariak egin eta bete behar ditugun baldintzetatik at. Berriro ere gogoratu nahi dugu, guztiok ordaintzen ditugun zergekin ordaintzen zaiela, denok jartzen dugu gure obolotxoa erlijio jakin batean ordun eta urriago den ikasle kopurua doktrinatzeko.
Ez da hori dena. Hezkuntza Sailak ez ditu datuak eman nahi, eta bide batez salatu nahi dugu ez gaituela guztiori berdin tratatzen. Badakigu aurten, azkeneko urtetan lez, erlijioko irakasleak ez dituztela behar adina ikasle ordutegi beteak izateko eta, beraz, beste gaietako orduekin osatzen zaizkiela ordutegiak, gai horietako zerrendako irakasleak eman lituzken orduak –baina, konponbide hau dela eta, bere etxeetan geratuko dira–. Ezagutzen ditugu astean ordubete Erlijioa eta 18 ordu Historia ematen dituzten irakasleak, edo 2 ordu Erlijioa, 3 Psikologia eta gainontzekoa zuzendaritzan igarotzen duenik ere…
Hala eta guztiz ere zerrendak zabaltzen dira, erlijioko irakasleentzat, zer irakasteko baina? Urtez urte ikusten dugu erlijio ikasleak ordun eta bakanagoak direla. Zertarako behar ditugu irakasle gehiago, ditugunak ordutegi osoa ezin eman eta beste gaietako orduak lapurtzen ari direnean? Areago, erlijioko irakasle izateko izena ematen duen oro berehala lizentzia duen gaian jarriko dute bere izena, nahiz eta gai bereko beste lizentziadunei izena ez hartu, «zerrendak itxita daude» esanez.
Hezkuntza Sailaren lotsagabekeria larria da. Esaten digute arazoa Madrilen dagoela, konkordatua dela eta. Egia da, zaharkitutako eta demokraziaren aurkako konkordatua sinatuta dago –Francoren garaietatik–, baina erlijioko irakasleria eskualdatutako gaia da. Berak erabakitzen ditu irakasle horien lan baldintzak eta zerrenda zabaltzea. Hezkuntza Sailari gai honetan gardentasun osoa eskatzen diogu, mahai gainean eta agerian jarri ditzala erlijioko irakasleei buruzko datuak: zenbat dira, zenbat ordu ematen dituzte bere gaiarenak, zenbat besteenak. Baita ere erlijioa irakasteko kontratatutakoak erlijioa irakatsi dezaten soilik, eta bakean utzi beste gaiak eta eskola barruko beste lanak.
Egun hauetan ikasleria mugitu da LOMCEren aurka. Kaletan entzun dugu «eskola laikoa, Erlijioa eskolatik at». Antza denez, Hezkuntza Sailak ez du ezer ikusten, ez du ezer entzuten, Munilla jaunaren ildoak izan ezik.