Berrogei urte isilik
Amona oroitzen zaitut sukalde txokoan,
begiak iltzaturik periodikoan,
keinu ikusezin ta gogor bat ahoan,
frankistek hil zizuten anaia gogoan.
Oraindik ez dakizu non dagoen hilik,
inoiz ez dela berriz etorriko soilik.
Amona, zuk bezela, milaka familik
berrogei urte pasa dituzte isilik.
Franco ohean hil zen txiki, gaixo, zurbil,
baina zuk ezin izan duzu bizi trankil,
beldurra ez zelako egun berean hil…
ahanzturaren azken neuronetan dabil.
Gero beldurra ere ahaztu zitzaizun,
buruak atzeraka salto egin zizun.
Orduan, lehen aldiz, mila kontakizun
ta istorio zahar entzun genizkizun.
Ta hitz egin zenigun kartzelako kontuz,
Bartzelonako egun luze bezain estuz,
goseaz, amorruaz ta protesta kantuz…
beldurrik gabe baina hala ere kontuz.
Gaurkotu zitzaizkizun iraganekoak,
gerra osteko eta gerra garaikoak,
gezurrezko umorez kontatutakoak,
zer ez ziren izango isildutakoak!
Gaur itzalita dago zure aurpegia,
ilunpean gidatzen gintuen argia.
Nahiz zuretzat berandu izango den ia,
gurekin geratu da zure memoria.
Doinua: Zure bular politak
Gure amonak 103 urte bete izango zituzkeen atzo. Baina 94 urterekin hil zen, bere anaia Andoniren hezurrak non dauden ere jakin gabe. Bertso hauek, gure amona bezala, euren senideak non dauden jakin gabe joan diren guztientzako omenaldi xume bat izan nahi dute.
Muxu handi bat denoi.
*Zazpi bertso hauek 2020ko Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketan saritutako bertso sortaren moldaketa bat dira.