Berrogeialdia ospitalean
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi diot egunero zortzietan txalotzera ateratzen zaren horri: ez dakizu zenbat indar bidaltzen diguzun. Benetan, eskerrik asko. Eskerrik beroenekin batera, egoera hau ospitale barrutik bizi duen erizain baten ikuspegia helarazi nahi nizuke, eta nik bezala pentsatzen duten beste askorena ere bai.
Donostiako ospitalean material gabezia agerikoa da. Egunero ateratzen dira protokolo berriak, eta horietan gero eta material gutxiago erabiltzeko eskatzen da.
Badakigu zaintza krisi honetan zein den gure lekua, argi daukagu, duela urte asko erabaki genuen lekuan gaude: gure lekua zaintzena da, baina materiala behar dugu. Aitzakiak soberan entzun behar izan ditugu jada. Bizitzak erdigunean jartzea beharrezkoa eta ezinbestekoa da. Ez da gerra kontu bat, bizitza kontu bat baizik. Bizitzak daude jokoan. Bizitzak. Instituzioek gure segurtasuna bermatzen ez duten bitartean, ezingo ditugu pazienteak behar duten moduan artatu.
Nork zaintzen gaitu gu? Gu gaixotzen bagara, nork zainduko zaitu zu eta maite dituzunak? Nola zainduko ditugu ongi pazienteak gure segurtasuna bermatzen ez bada? Imajinatzen al duzu nola sentitzen garen zabor-poltsekin egindako mantalekin logeletan sartzen garenean? Zenbat garbitzaile, zeladorek, laguntzailek, erizainek, medikuk… gaixotu behar dugu material gabeziaren ondorioz?
Etxean zauden horri laguntza eskatu nahi dizugu. Lagun iezaguzu goikoei erantzukizuna exijitzen. Izan ere, borroka honek borroka kolektiboa izan behar du; denon artean bakarrik lortuko baitugu pandemia honi aurre egitea, zure zaintza eskubideak bermatzea, eta gure lan baldintza duinak ziurtatzea.
Amaitzeko, eskerrik beroenak ospitalean ingresatuak ditugun gaixoei, gure egoera ikusi eta izugarrizko pazientzia erakusten ari zaretelako. Mila esker, eta ez ahaztu inoiz, borroka hau, zuek duintasunez zaintzeko borroka ere badela.