Bertolt Brecht Donostian
Kontatu didate Donostian, udazken nahasiaren ondotik negu gorria itxaron gabe, herritar multzo bat, lapiko eta burruntzali, kalean bizi den jendea laguntzen dabilela. Izan zitekeen New Yorken, Broadway eta 26 karriken kantoian, baina ez, Kalkutako Teresa plazan gertatu da, trenbidearen zubipean eta egungo epaitegiaren itzalean. Lekuak badu hemen pisurik: behinola Poliziaren komisaria izandakoaren atzealdea. Zubipea, nahi baino gehiagotan etxegabeen aterpea. Kalkutako Teresa. Zerurik bada, ikustekoa litzake Kalkutakoak nola begiratuko liokeen bere izena daraman plazan gertatuko Kaleko Afari Solidarioen aurkako jazarpen bikoitzari. Udalaren aldetik eta “ordena” eske omen dauden zenbaitzuren aldetik, ordena urratzeko inongo gupidarik gabeak.
Pandemia garaian herritar batzuen kezka eta egonezinetik sortutako ekimena da azken asteotan denon ahotan dabilen Kaleko Afari Solidarioak. Orduko etxeratze aginduak eta kalean ezin egonak gordinki azalerazi zituen gure arteko zenbaitzuen beharrak. Behar gorriak. Lau urte joan dira ordutik, eta egoerak hobera egin gabe jarraitzen du, are, okertu egin da. Hirurehundik gora pertsona zenbatu zituzten uda partean Donostian. Datuek erakutsi dutenez, pobrezia maila areagotu egin da, kalean bizi den jende kopuruak gora egin du, eta, horrekin batera, hazi egin da egoera zail honetan bizi diren herritarren aurkako jarrera eta pertzepzioa.
Pandemiak jendartera ekarri behar omen zuen on guztia haizeak eraman zuen, txaloen oihartzunekin batera. Baina elkartasuna saretu egin zen eta antolatu. Parte Zaharrean, Egian, Amara Berrin. Ordutik, Kaleko Afari Solidarioetan biltzen diren herritarrek, egutegian hutsik egin gabe, traba guztien gainetik, jarraitzen dute egunean behin otordu bero bat eskura ematen behar gorriena duenari. Dena banatzen da eta, ia beti, faltatu egiten da. Hemen ez da apurrik ere gelditzen.
«Gainerakook, esker onez hartzen ditugu herritar xume batzuk haien etxeetako sukaldeetako epeletik erakusten ari diren ardura, konpromisoa eta gizatasuna. Haien lanak Donostiaren izena garbitzen duelako»
Aurreko asteko datu gaurkotua: urtean, Gipuzkoan, 127.000 tona jaki galtzen dira alperrik. Hondakinen prebentziorako europar astean argitaratu da datua. Prentsaurreko eta esku tenkatzeak ikusi ditugu. Baluke aldundiak janari horiek guztiak nora bideratu. Hondakin bihurtu aurretik, janaria den hori zergatik ez banatu? Zenbat jende elika daiteke tona horiekin guztiekin? Hiria turismo gastronomikoaren jomuga bihurtu nahi duen udalak non gordetzen ditu baliabideak?
Bertolt Brecht handiak zioen moduan, mundua ez da horrela aldatzen, gizonen (eta emakumeen) hartu-emanak ez dira hobekitzen, zamaroa ez da horrela laburtzen. Baina gizon eta emakume batzuek gauero bero jaten dute. Askotan, eguneko otordu bakarra. Gehiegitan, afal ondotik kale gorrian lo egiteko. Gainerakook, esker onez hartzen ditugu herritar xume batzuk haien etxeetako sukaldeetako epeletik, egunero-egunero, lanegun zein jaiegun, uda zein negu, erakusten ari diren ardura, konpromisoa eta gizatasuna. Haien lanak Donostiaren izena garbitzen duelako. Eta auzo lotsaz begiratzen diegu erakundeei, euren gain hartu beharreko ardurei muzin egiten dietelako.