Beste norbaitek har dezan
Batzuoi esfera publikoan kokatzeak suposatzen digun esfortzuaren, eta sortzen dizkigun zalantza eta beldurren inguruan idatzi nuen nire lehen zutabea etxe honetako kolaboratzaile moduan. Eta esfera publikoaren ideiari tiraka helduko naiz amaierara. Ezin zen bestela izan.
Hamaika dira gutako askori plaza publikoan egotea galarazten diguten arrazoiak. Ez dago zalantzarik, historikoki gorputz jakin batzuentzako eraikia izan den espazioa dela; genero, arraza, hizkuntza, klase, maila akademiko… konkretu bat dutenentzako, alegia. Eta hortik kanpo kokatzen denarentzako, espazio arrotz eta maiz biolentoa izan ohi da. Dena den, esfera publikoak iritzi kolektiboa eraikitzeko, eta, beraz, gizarte eraldaketarako duen potentzialtasuna kontuan izanda, ezinbestekoa iruditzen zait bazterretan kokatu izan diren gorputz, ahots, diskurtso zein praktikak fokupera ekartzea.
Baina, beste hainbat espaziotan gertatzen den bezalaxe, esfera publikoa ere mugatua da. Hortaz, datozenek lekua izan dezaten, ezinbestekoa da daudenek leku hori egitea. Eta hor dago, nire ustez, plazaren monopolizazioaren gakoetako bat. Izan ere, hitza izateak boterea eskaintzen du eta, jakin badakigu, botereari uko egitea ez dela beti erraza izaten. Horrela, beste behin ere, argi islatzen du honek norbere pribilegioei uko egin behar izateak dakartzan beldur eta erresistentziak. Botereak aitortzen duen posizio soziala eta kontrolerako gaitasuna galtzea ez da samurra, eta beraz, gogor eusten zaio estatus horri.
Baina, esfera publikoak eraldaketarako duen gaitasuna kontuan izanda, konbentzituta nago erresistentzia horiek gehiengoaren kaltetan izan ohi direla. Izan ere, garai bateko diskurtso zein praktikek, ez dute balio egungo gizartea definitu eta eraldatzeko. Zorionez. Hortaz, aurrera egiteko ezinbestekoa da datorrenari egiten uztea, eta molde berrietara egokitzea. Freskotasuna behar dugu plazan, eta ez boterea pilatzen jarraitzeko aldaketarekiko erresistentziarik.
Beraz, esandakoei zor, zutabe hau askatzeko ordua iritsi zait niri ere. Lekua egin nahi dut, beste norbaitek har dezan, eta gogoz irakurriko ditut etorriko denaren ideia freskoak. Zorterik onena ondorengoari!