Bestea zaren zuri
Kaixo, Mari Domingi,
Bestea zaren horri, zuri, Mari.
Aurten bai, aurten zugana zuzenduko naiz. Beti idatzi diogu gutuna Olentzerori eta elkarrekin abestu dizkiogu kantu goxoak, sutondoan eta lagunartean. Asko maite ditut Olentzerok ekarritako opari guztiak, baina hemendik aurrera zugana zuzenduko naiz. Zuri zuzendu nahi dizkizut nire ametsak, grina eragiten didaten eskaera guztiak. Agian, ez duzu nire gutuna irakurri ere egingo, oso lanpetuta egongo zarela imajinatzen dut. Gabonen aurretik azken txanpa duzue zuk eta Olentzerok opari guztiak prestatzen. Nire gutuna zakuan geratu daitekeenaren beldurrez bai, baina hala ere, idazteak lasaitu egiten nau, eta jakiteak, agian, negu beteko isiltasun honetan, entzun egingo didazula.
Ez dizut opari ikusgarririk eskatuko, gauza asko nahi ditudala uste dut, baina etengabeko kontsumorako bultzadak eragin dizkit nahi hauek guztiak. Patxada handiagoarekin hartu nahi nuke momentu hau. Aurten, gutun honetara ekarri dudana ez da soilik nahi pertsonal bat. Nire belaunaldi eta inguruko askoren kezkak ere islatu nahi ditut. Gure artean partekatzen ditugun kezkak eta ametsak ez direlako opari kutxetan sartzen, badakigulako mundua ez dela zuhaitz azpian uzten diren opari ederrez konpontzen.
«Leihoan argi txiki bat piztuta utziko dut, bidea errazago aurki dezazun, Mari Domingi. Badakit kontu mardulak aipatu dizkizudala. Zuk ekarri ahal duzuna»
Nahi nuke, Mari, gazteon ahotsei merezi duten pisua ematea, gure bizi proiektuak eraiki ahal izateko baldintzak egotea. Hirugarren adineko pertsonak jendartean egin dezaketen ekarpenaz ohartzea. Gizon ez garen guztiok lasai eta beldurrik gabe bizitzea. Gure herria libre eta burujabea izatea. Euskaraz bizi ahal izatea. Zapalduon ahotsak entzutea, eta zapalkuntza horiekin amaitzeko borrokak ez etetea. Hobeto bizi gaitezen benetako saiakera instituzionalak egotea. Denok egunero otordu bero bat jan ahal izatea. Babestua eta maitatua sentitzea.
Bigarren planoan geratu ohi zaren horri, Mari, eskerrak ere eman nahi dizkizut. Zuk inork baino hobe dakizulako zer den itzalean lan egitea. Gizonezko batek eramatea zuk isilpean egindako lan guztiaren merituak. Familian elkartzeko egun hauetan, oso ikusgarria baita egoera hau etxe askotan. Beti kide berberak hartzea horrek suposatzen duen lan kargaren gehiengoa. Besteak mahai inguruan solasean dauden bitartean gauza txiki/handi guztiez arduratzea. Eta, nola ez, kasualitateen jokoan sartzen ez diren genero rolekin lotura zuzena du. Beraz, Gabon hauetarako eskaera zuzen bat. Mesedez, irauli ditzagun orain arteko ohiturak.
Orain bai, bukatzeko, leihoan argi txiki bat piztuta utziko dut, bidea errazago aurki dezazun. Badakit kontu mardulak aipatu dizkizudala. Zuk ekarri ahal duzuna.
Urte berri on, Mari Domingi. Zurekin, Gabonei hasiera berri on.


