Bestelako izarrak
Victoria Eugenia aurten ere izarrez bete dela esaten badut, zutabea zaharkitu samar geratu zaidala pentsatuko du irakurleren batek. Bestelako izarrez ari naiz, ordea. Pulsar izarrez. Edo grabitazio uhinez. Planet Hollywoodetik argi-urtetara dagoen unibertso batez
Orriak eta orriak idazten dira urtero Zinemaldiaren antolaketaz eta zenbait aktore ekartzeko egin beharreko ahaleginez. Ez diot nik Rebordinosi meriturik kendu nahi, baina aurtengo zientziaren Oscarrak jakinarazi berri dituzten honetan, gaizki ez aldarrikatzea, DIPCren eta oro har Passion for Knowledge antolatzen duten guztien jarduna ere ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula.
Jocelyn Bell, Barry Barish, Serge Haroche, Maria Martinon-Torres… Nobel saridun zein sariaren merezidun zenbait izan dira gurean pasa den astean, aipaturiko zientzia dibulgazio jaialdian. Hain da zaila astro hauek guztiak lerrokatzea, hiru urtean behin baino ezin baitute antolatu Passion for Knowledge. Eta ez dira Donald Sutherland, Kristen Stewart edo Penelope Cruz bezain ezagunak izango, baina hauek ikusteko eta entzuteko ere lepo betetzen dira aretoak.
Jaialdia hasi bezperan, Manex Urruzola prentsa arduradunak Euskadi Irratian esan zuen, musikaz gozatzeko solfeorik jakin behar ez den bezala, ez dagoela zientzian aditua izan beharrik izar hauek beren lanaz esateko dutena gustura entzuteko. Gero eta jende gehiagok egiten du bat ideia horrekin: hamar mila bat lagunek hartu dute Passion for Knowledge honetan. Jakinmina ez baita zientzietakoa edo letretakoa. Gauzak ondo kontatzea baita gakoa. Zinemaldiko filmekin gertatzen den bezala.
P.D.: hau idatzi bitartean, Michel Mayor aurtengo Fisikako Nobel saridunetako baten argazkia ikusi dut, non eta Hondarribiko aireportuan, garaikurraren berri izan berritan. Zeinen lasai ibiltzen diren izarrak gurean, inork enbarazurik egin gabe!