Betaurrekoei kristalak aldatuz
Aurreko astean zorionekoa izan nintzen. Gorka Urbizuren azken diskoaren aurkezpenera joan nintzen lagun batekin. Berri Txarrak, Katamalo eta Peiremans ere oso gustuko ditugu, eta astea alaitzeko momentu txiki eta berezia izan zen.
Asteburua ere polita izan zen. Antzoki Zaharrean antzerki grazioso eta zinez sakona ikusi genuen. Kaldereroak ospatu genituen kantu eta zartagi hots artean, Donostiara inauterien iragarle etorri zirenekoa gogoratuz. Santa Ageda bezperarekin ere atera gara kalera kantu egitera. Asteburu hau ere ez da gutxiago izango, mozorroen kaxako lau trapu hartu eta di-da egingo dugu gurea. Euskal Herriko txoko batzuetan bezala, Añorgan ere egingo dute dibertimendua.
Gaurkoan ohitura zaharrei eman zioten begirada kristauari buelta bat emateko gogoz idatzi dut. Kristautasunak bere egin dituen ospakizunak izan dira. Berriro ere muturra ez dagokion lekuetan sartzen. Haiek jarraituko dute euren erara kontatzen, eta bereganatuko dituzte beraien sorkuntza balira bezala. Marko bat emango diete, purutasuna eta sendotasuna emateko. Jatorriz, ohitura paganoa zuten bai inauteriek eta baita Santa Ageda moduan deitu denak ere. Neguaren bukaera eta udaberriaren hasierarekin lotuta.
Kristautasunak emandako irakurketa eta herri kulturarena ez dira gauza bera. Inola ere ez.
Baina gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude.
Beste jaien aldean, inauteriak, umore, parodia eta satira giroa erabiliz ospakizun hau, erokerietan edo eguneroko bizimodutik urrun dauden jarreretan oinarritzen dira. Arrantza, nekazaritza eta ehizatik bizi zirenentzat, urtaro aldaketa bereziki garrantzitsua zen, bizi berri bat ekartzen zuen. Horrek zekarren gose eta hotz garaia atzean uzteko egiten zen festa.
Santa Agedak ere inauteriekin eta kimatze garaiko errituekin lotura handia du. Behin neguko solstizioa pasatu eta egunak luzatzen hastean, zuhaitz adarretan kimu berriak hazten hasten dira eta orduan izaten da inauste garaia. Naturaren esnatze hori ospakizun bihurtuz, etxez etxe koplatan aritzen ziren, ondoren bildutakoarekin otordu bat egiteko.
Kristautasunak emandako irakurketa eta herri kulturarena ez dira gauza bera. Inola ere ez. Baina gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Eta aldatu daitezke. Gu zain? Zeren zain? Irtenbide bat bada, izan daiteke hemen. Lurretik bortxaz atera dituzten zuhaitzak, berandu baino lehen, berriro landatu daitezke, hotel bilakatu dituzten eraikin guztiak bizileku bihur daitezke, porlana eta asfaltoa loratu daitezke.