Betiko leloaren betiko leloa
Hilabete luze falta den arren, hasi da jada betiko matraka. Hemen dira, iritsi dira, beste urte batez, hauteskundeak. Ez nago oso ziur aurre-kanpainan ote gauden, edota aurre-kanpainaren aurre-kanpainan, dena dela, entzuten hasiak gara politikarien sermoi ezberdinak.
Garai xelebreak dira hauteskunde garaiak. Azken lau urteetan egin ez duten guztia promesa gisa berriro ere mahaigainean jartzen duten politikariak ikusten ditugu telebista, irrati, iragarki edota postontzietan, nonahi, noiznahi. Aginte makila duenak obren bidez hiria hankaz-gora jartzeko edota inoiz martxan jarri ez diren zerbitzu horiek berriro ere iragartzeko aprobetxatu ohi ditu, eta oposizioak betiko kexak azaleratu eta berak hobe egingo lukeela entzungo dugu. Betiko leloaren betiko leloa.
Kuriosoa izaten da ere, hauteskunde garaiek dakarten ideologizazio itxurazalea. Alde batetik, urte osoan zehar politikatik at kokatu diren masa zabalak daude, hauteskunde gaua etorri ahala berotzen joan ohi direnak, eta alderdi bat edo beste defendatzeko hautua egiten dutenak, hauteskunde gauen hooligan antzekoak bihurtuz. Bestetik, Estatuan integratuta dauden alderdi politikoen estrukturak ditugu (gazte antolakundeak edo sindikatuak kasu). Azken hauen helburua, ustezko itxura erradikalaren atzetik, euren praktika politiko guztia bozkak lortzera dago bideratuta. Askotan, ideia politiko batzuekiko ikuspegi arrazional eta koherente bat baino, alderdi edo eslogan batzuekiko fideltasun irrazional eta sentimentala da praktikan gainjartzen dena.
Hauteskunde egunek zirrara baino nagitasuna sorrarazten didate. Politika ulertu eta egiteko modu ezberdin zein antagonikoak egon arren, Estatuak finantzatutako alderdietara mugatua dagoela ematen da aditzera demokraziaren festa bihurtzen den honetan. Antzeko zerbait gertatzen da Maiatzaren Lehenarekin, borroka egun bat baino, festa, folklorea eta ezkerkeria azaleratzen diren eguna izaten baita.
Aste gogorrak datoz, promesa eta ilusio faltsuen hemeroteka puztera datozenak. Herritarren interesak defendatzera doazela entzungo dugu batzuen aldetik, Neguko Jauregia hartzera datozela besteen ahotik, eskubi zein ezker, bankari eta oligarka handiek baimendutako demokraziaren festaz gozatzera deitzen duten bitartean. Estatuaren aparatu guztiak, gobernutik udaletxeetara, Europako Batasunaren eta oligarkia finantzario handiaren aginte ekonomikoaren menpe egongo ez balira bezala. Independentzia politikoz jokatzeko garaia da, militantziatik benetako alternatiba eraikitzeko unea. Maiatzaren Lehenean, sozialismoaren alde, Iruñeko kaleetan ikusiko dugu elkar.