'Bi buruko gobernuak 5 hilabete'
Gaur, azaroak 13, 5 hilabete bete dira Donostian Ernesto Gasco buru duen PSE-EE alderdiak Eneko Goia alkate izendatzeko botoak eman zituela. 5 hilabete hauek nahikoak izan dira Udal Gobernu hau bi burukoa dela ikusteko eta alkate jeltzalearen proposamenak ez direla aurrera ateratzen, Ernesto Gasco kidearen babesik ez badute. Horren adibide, Salbearen segizioaren inguruan sortutako polemika.
Pasa den legealdian, Udala Juan Karlos Izagirreren gobernuak zuzentzen zuenean, oposizioak zorrotz exigitzen zuen maiz Udalbatzak onartutako proposamenak martxan jar zitezen. Oposizio hark berdin ematen zien kontrako botoa zentzuzko proposamen serioei – autobus geltoki berria Loiolako Erriberetan kokatzea, edota Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa itsasora bueltatzea- eta ez hankarik eta ez bururik ez zuten proposamenen alde egiten zuen aldi berean -barrutien araudia, besteak beste- eta horrek Udal Gobernuaren porrotaren irudia emateko balio zien.
Gaur egun, Donostiako Gobernu berriarekin, ez dakigu ezer EAJk eta PSE-EEk onartutako barrutiei buruz, ezta beste gauza askori buruz ere. Badakigu, aldiz, PSEk bultzatutako proposamenei buruz, EAJk derrigortuta onartu behar izan dituenak, historikoki kontra egon arren – Monpaseko pasabidea kasu-.
Paradoxa politikoak dira, oposizioan edo Gobernuan daudenean desberdin pentsatzen dutenenak. Beste horrenbeste gertatzen da tasa eta zergekin. Pasa den legealdian, oposizioan zeuden taldeek bere horretan uzteko edo jaisteko eskatzea normala zen bezala, gaur, gobernuan daudenean, saneamendu eta zaborren tasak %5 igo dituzte (errauskailua ordaindu behar da?). Bitxia da eta ez da batere koherentea, 2014an jaitsiera babestea eta 2015ean %5erainoko igoera proposamena bultzatzea.
Zirkulazio Zergaren kasuan beste horrenbeste gertatzen da. Oposizioak %4ko jaitsiera onartu zuen iaz eta orain, EAJ eta PSE-EE gobernuan daudela, %1eko igoera proposamena dago. Honek logika bakar batera garamatza: batzuek politika elektoralista egin zuten eta donostiarrengan pentsatu beharrean, aurreko Udal Gobernua kaltetu eta itotzea zuten helburu, jarrera guztiz alderdikoia. Hau da, oposizioaren logika zen Izagirreren gobernuak dirurik ez izatea zen, horrela donostiar guztiak kaltetuz. Orain, hiria gobernatu behar dutenean, noski, hori guztia goitik behera aldatu dute.
Udala zuzentzeko unean, hiritarren partaidetza politikak sustatzerako garaian, desberdintasun nabarmenak ikusi dira. Zein izan da lorpen handiena abertzale-kontserbadore eta estatuko “progresista” horien arteko naturaren kontrako ituna osatzen duten partaideentzat? Juan Carlos Borboia zezenketetara ekartzea? Arte Ederretako kupula kentzea? Edo diru pila gastatzea Ondarretako harriak kentzen, berriz atera badira ere?
Gipuzkoa eta Donostiak azken legealdian izan duten ezaugarri nagusiena gizarte politiketan murrizketarik egin ez izana da. Exekutiboa aldatu ondoren, Gobernu berria ez da gai izan etxegabetzeen, pobreziaren eta desberdintasunaren kontrako ituna sinatzeko.
Ikusten dugunez, garai berria iraganera bueltatzea besterik ez da. Sekula egin ez diren proiektuak indar handiz eta su artifizialekin iragartzen ziren garaietara bueltatzea; horren aurrean, besteok erakundeetatik hiritarren bizi-kalitatearen hobekuntzaren alde egin dugu. Carlos I. horren adibide argia da. Odon Elorzak urte askoan egindako promesen ondoren, Bildu izan zen hobekuntza egin zuena. Bilduk egin du autobus geltokia baita ere, 20 urtetik gora probisional bat eduki eta gero – nahi zuen kokagunean ez jarri arren-. Hor daude Tabakalera, Urumea arroa…Izan ere, hiria geldirik daukatenak EAJ eta PSE-EE dira.
Jabier Estebanez Gorri, Eusko Alkartasunako Donostiako kordinadorea