Bide luzea
Pasa den larunbatean, Viktoria Eugenia antzokian, Sarriren bertso musikatuak izan ziren, Korrika Kulturalaren eta Donostia Kulturaren eskutik. Ekitaldian, besteak beste, labur eta luze hitzen inguruko Sarriren testu bat ekarri zuten gogora. Bitxia badirudi ere, labur berba luze baino luzeagoa da.
Labur hitzaren luzera hori aintzat hartuta, Sarrik ondorioztatu du gauzak labur esateak luze jotzen duela. Arazo hori ondo ezagutzen dugu gauzak laburtzen ez dakigunok. Eta, zoritxarrez, ondo pairatu izan duzue zuok eta, bereziki, testuekin borrokan ibili ohi diren Hitzako kazetariok. Galdetu besterik ez dago Estitxu Zabalari edo Nerea Lizarralderi zenbat lan ematen zien eta dien neure laburtzeko ezintasunak. Esan moduan, Sarriri buruzko ekimena Korrika Kulturalaren beste ekitaldi bat izan da, Euskal Herri osoan eskaini diren beste hamaikatxoren artean. Izan ere, hamar egunean gure herri(eta)tik lasterka pasatzen bada ere, Korrikaren eragina ez da astebete eta erdira mugatzen. Laburra ondo atontzeak eta girotzeak lan luzea dauka atzean.
Alabaina, bide luzeak ez du zertan beti gogorra izan. Korrikarekin batera euskara aldarri ez ezik, bizigarri ere izan dadin saiatu gara. Hala, euskaraz abestiak eta hitzaldiak entzuteaz gain, mahai-jokoetan ere aritu gara, haur zein heldu. Gure betiko gastronomia ekimenak (pintxopote eta afaria) ez ezik, garagardo artisau dastaketak ere izan ditugu. Eta oraindik 70eko GAU-atekean dantzatzeko aukera izango dugu.
Ekimen horien guztien berri eman du Irutxuloko Hitza-k, eta horrela osatzen da euskaraz funtziona dezakeen gune donostiarra. Euskaraz gauzatzen den sarea osatu nahi izan Korrikak, euskaraz aritzen ohituta ez gaudenetan, euskara esparru berrietara eramateko. Euskararen mugak ez baitira hizkuntzarenak, geuk jartzen dizkiogunak baizik.
Uste dut Atxagak esan zuela inoiz euskaldunok zerga bikoitzak ordaintzen ditugula: hiritarroi dagozkigunak gehi geure hizkuntzaren aldeko ekimenetarako emandakoak. Hala izanik, behintzat gozatu ditzagun zergon truke eskaintzen dizkiguten zerbitzuak. Eta euskara normalizatzeko bide hau, dirudien moduan, luzea izango bada, behintzat bide hori gozagarri izan dakigula!