Bide okerretik
IRUTXULOKO HITZAn idatzi nuen lehenengo aldian, Realaz idatzi nuen (gizonenaz). Ikasturte berria hastear dela, gauza bera egitea erabaki dut (gizonenaz ere).
Badakigu futbolarekiko gustu herrikoia oso fenomeno konplexua dela eta faktore historikoak, kulturalak, emozionalak eta sozialak nahasten dituela. Gainera, teorizatu daiteke eliteen eta herriaren arteko harreman puntu bakarrenetako bat ere badela. Zentzu horretan, futbola bateratzeko gune bezain kontraesanekoa da: batzuentzako ihesbide, kide izateko eta komunitatean ospatzeko espazioa dena, beste batzuen merkatua eta boterea da.
Elite ekonomiko eta politikoek masa ikuskizun, negozio global eta legitimazio tresna gisa erabiltzen dute (babesleak, kluben jabetzak, esku hartze politikoak). Eta zaleek jokoaren arau horiek onartzen dituzte. Izan ere, futbol modernoak eliteen eta herriaren (zaleen) arteko gizarte kontratu inplizitu gisa funtzionatzen du. Zaleek tokiko nortasuna eta erabakiguneak galtzen dituzte, eta, horrekin batera, beren zaletasuna merkaturatzea onartzen dute, ikuskizunaren, arrakastaren eta errekonozimenduaren truke (garaikurrak, tituluak, kontsumo kolektiborako prest dauden narratiba epikoak elikatzen dituzten garaipenak eta abar).
Kasu batzuetan, halaber, kontratu horrek eskatzen du zuzendaritzek inklusio sentimendua ardatz izan eta hura sustatu behar dutela (Reala edo Athleticen moduko klubetan argi eta garbi ikusten da hori). Nahiz eta zalea politika, ekonomia edo kirol arloko erabaki gehienetatik kanpo egon, kontakizunean, estadioan edo telebistaren aurrean taldeko nortasun partekatu eta bakarraren funtsezko parte dela sentitzen du.
«Post-Imanol garai honetan, berrikuntza horiek ez dira erabat ongietorriak izaten ari. Erosioa agerikoa da eta ez daukat guztiz argi ea zuzendaritzak benetan ulertzen duen zaleen masa soziala»
Futbol-merkatu-zale ituna, noski, oso hauskorra da. Merkatu logiken eta inklusio sentimenduaren arteko oreka delikatua betetzen den bitartean funtzionatzen du, baina zaleak sentitzen duenean kirol arrakasta, estadiorako sarbidea edo klubaren nortasuna negozioari erabat sakrifikatu zaizkiola, kontratuaren legitimitatea ez da bermatzen. Eta tentsioak sortzen dira.
Imanolek sostengatzen zuen hein handi batean balantza hori, hark bakarrik gorpuzten baitzuen paktu hura: euskalduna, etxekoa eta zalea. Eta, gainera, arrakastatsua. Hura taldearen gidari zela gertatu dira estadioaren izenaren izendapen berria, atsedenaldiko ikuskizunen estiloaren aldaketa eta klubak inoiz eginiko fitxaketa altuenak, besteak beste.
Ordea, post-Imanol garai honetan (aurreko urtetik hasitakoa), berrikuntza horiek ez dira erabat ongietorriak izaten ari. Erosioa agerikoa da eta ez daukat guztiz argi ea zuzendaritzak benetan ulertzen duen zaleen masa soziala. Momentuz, diagnostikoa honakoa da: zaleak protesta egiten du, baina kontsumitzen jarraituko du; zaletasuna mantenduko da, baina minduta dago eta paktua kirol emaitzen arabera sostengatuko da. Horrekin guztiarekin, datorren ikasturtera itxoin beharko dugu bide okerretik doazen jakiteko.