Bideak
Bidearen metafora oso ohikoa da, trena edota basamortuarena bezala. Bakoitzak bere aldaerak dituelarik, noski. Irakurle guztiok ikusi ditugu behin baino gehiagotan, eta azkenerako barneratzen zaizkigun moldeak dira.
Nire kasuan, aurreko urtean hasi nuen bide fisiko eta metaforiko baten amaiera heldu da aurten. Santiago Bidea amaitu berri dut. Dena den, nahiago izan dut Xanti Bidea esan, akaso euskaldunagoa ematen duelako. Nork daki.
Esaten dute Xantirena barne bilaketa edo hausnarketa bat dela, eta hori izaten dela bidea egitearen arrazoi nagusia. Ameslari erromantikoei esango dizuet ez zela hori izan nire kasua. Nik, opor luzeak dituen langilea izanda, urtero edukitzen nituen arazoak oporraldia antolatzeko; lagunek, denari bai esaten zidaten, eta azken momentuan kale egiten zuten, azkenerako bidaiarik gabe geratzen nintzelarik. Hortaz, bakarrik bidaiatzeko hautua egin nuen, eta aproba moduan Xantiren bila atera nintzen.
Bakarrik bidaiatzea gauza mundiala da: ez dizu inork bidaia baldintzatzen. Zu zara (eta zure burua) bidaiaren baldintza eta traba bakarra. Honek dakartzan ondorio guztiekin, noski. Jendea ezagutzeko modu paregabea da. Eta zin dagizuet, tarteka bada ere, hitz egin nahi izaten dugula. Gainera, ohartu naiz errazago mintzo garela edozertaz ezezaguna zaigunarekin, akaso, gure alde ilunena ezagututa ere, harreman iragankor horretan galduko delako.
Oinez ibiltzea osasuntsua da: eta ez soilik fisikoki. Oinez joanda, asko jota sei kilometro egingo dituzu orduro, beraz, modu motelago batean bisitatuko dituzu zeharkatzen dituzun parajeak. Politak zein itsusiak. Argi gera dadila, leku politak egoteko itsusiak ere existitu behar direla, eta hauek ezagutzea ere ederra da, nahiz eta paradoxikoa iruditu. Osasun mentalak orekarekin badu lotura estua, eta uste dut, oreka horren bila, besteen leku, ohitura eta pertsonak ezagutzea ezinbestekoa dela; askotan, gure herrian dauden gabeziez ohartzen baikara besteenak ikusita.
Beraz, nire bizitzaren bidea eraikitzeko prozesu honetan uste dut izugarrizko zortea izan dudala Xantiren bila irten naizelako. Bidean, Xanti fisikoa topatzeaz gain beste hainbat Xanti ezagutu ditudalako. Hemendik aurrera Xanti gehiagoren bila arituko naiz, oporretan soilik bada ere.