Bideak (I)
Landagunea bidez eta, batez ere, pistaz josita dago, baina ez dut uste beti hala izan denik. Herri sailak zatitu eta pribatizatu aurretik, ez zen horrenbeste bideren beharrik izango, baina sortutako lurzati ugariei irismena bermatu beharrak ekarriko zuen orain daukagun bide edo pista sare trinkoa.
Mundu honetako gauza gehienekin ohi bezala, bideek ere halako bilakaera bat ezagutuko zuten. Hasierako bidezidor, arranbide, mandabide… haietako asko, denak estuak, beharrak aginduta, lerabide, gurdibide, estrata, errepide… bilakatuko ziren, lehengoak baino zabalagoak.
Mendiaren industrializazioa ez da bart arratseko kontua. Egur eta zuraren industriak, burdinolek, harrobiek, meategiek, errotek, zentral hidroelektrikoek, antenek eta abarrek, garraio sistema berrien eraginez, bide hobeak eskatuko zituzten, patxada handiagokoak, zabalagoak eta zoru gogorragokoak, hain zuzen. Horrela sortuko ziren bide kontuetan erabat nagusitu diren pistak.
Eta zer gertatu da bideekin? Bada, asko desagertu egin direla. Esan bezala, batzuk pista bihurtuta, eta beste batzuk, erabilerarik ezaren ondorioz, landarediak bereganatuta. Urtetan aurrera goazen mendizaleok galera horren lekukoak gara. Gazte denboran maiz erabilitako hainbat bide eder galdu dira, sastrakak janda. Adibide moduan, nik neronek horietako bost ditut gogoan.
Nori axola zaio, ordea, bide bat galtzea haren ordez pista eroso bat egiten bada? Ziur aski, iragan-minak jotako mendizale edota naturazale bakar batzuk kenduta, inori ez. Hain ugari ditugun txirrindulari eta korrikalariei ez behintzat. Hala ere, landareek hartutako bideak berreskuratzea merezi duelakoan nago. Ez didazue ukatuko, pisten aldean, bide zaharrek bestelako xarma dutela, nahiz eta hain erosoak ez izan.
«Karobiak berreskuratzen, baselizak zaharberritzen, ibai, erreka, hondartza eta mendietako zaborrak biltzen hainbat talde ibiltzen badira, zergatik ez mendi bideak garbitzen?»
Bideak publikoak izaten dira; beraz, administrazioari dagokio haien zaintza. Horixe egiten dute udalerrian natur turismoa sustatu nahi duten udalek. Gainerakoek ez dute hain garbi ikusten. Bideak beharrezkoak ez badira, eta hain jende gutxiri mesede egiten badiote, nola zuritu diru publikoa horretan sartzea? Are gehiago kontuan hartuta izango dutela, izango dutenez, hori baino lehenagoko lanik. Horiek horrela, kasu horietan, irtenbide bakarra ikusten dut nik: lan hori onuradun nagusiek, hau da, guk geuk, mendizaleok, egitea.
Txorakeria, eldarnioa, zoro esana, burugabekeria…? Baliteke, baina ez dut uste. Bada antzeko lanetara emana dagoen boluntarioz osatutako talderik. Karobiak berreskuratzen, baselizak zaharberritzen, ibai, erreka, hondartza eta mendietan agertutako edo utzitako zaborrak biltzen hainbat talde ibiltzen badira, zergatik ez mendi bideak garbitzen?
Mendi taldeak, usu, jendetsuak dira; edozeinek ditu 40tik gorako kide. Hain zaila ote da talde horietan bizpahiru boluntariok osatutako halako garbiketa brigada bana eratzea, eta tresneria egokiaz hornitzea? Ondo azalduz gero, ni ezezkoan nago.
Honaino iritsitako irakurle batek baino gehiagok, honezkero, esango zuen: «Gauza bat da esatea, eta bestea egitea. Mendiko lanetan zailduta ez dagoen kalekume esku zuri batek lantegi horretan ganorazko ezer egingo ote luke? Laster aspertuko da, bai, ordu pare bateko jardunaldia nekatuta bukatzen badu, eta gainera jantziak eta larruazala zulatuta eta urratuta dituela. Eta hori guztia bideko metro bakar batzuk soilik garbitzeko». Bada, horretaz hitz egingo dugu artikulu honen bigarren atalean.


