Bidegileak plazaratu
‘Muga deitzen da pausoa’ Elbira Zipitriari buruzko filmaren harira, banuen andereñoen andereñoaz zer edo zer idazteko asmoa. Horretarako aitzakia are handiagoa eman dit gure kale izendegi maskulinizatuaren inguruan Irutxuloko Hitzak pasa den astean argitaratutako erreportajeak.
Artikulua irakurri bitartean konturatu naiz ez dakidala non dagoen Elbira Zipitria kalea. Emakumeak eta Hiria Foroak egindako mapa interaktiboan sartu naiz, eta orduan ulertu dut zergatik: Gaztelubide eta Santa Maria artetik doan bidezidor ziztrin hori ez da, ba! Elkarte matxista baten eta elizaren itzalpean ezkutatuta. Ez da metafora txarra.
Pertsonaren tamainako aitortzarik egiten ez duten helbide gehiago badira Parte Zaharrean. Bereziki amorragarria zait Bilintx kalearen kasua, mingarria baita poeta maitatuari halako pasabide tristea baino ez eskaintzea. Are gehiago, alderaketak egiten hasita, pasabide horretan gora eginez gero Fermin Lasalaren izena daraman plaza duin askoa zabaltzen zaigulako.
Donostiako kale izendegiak gizon aberats eta ‘Madrilera begirako’ asko laudatzen ditu; gutxietsi, euskal kulturari lotutako estatus sozial txikiagokoak. Eta gizonekin hori gertatzen bada, pentsa zer egiten duen Zipitriarekin eta hiriko lehen ikastolak abiarazi zituzten gainerako andereño emakumezko, euskaldun, langile klasekoekin. Lekutan daude Maria Dolores Goia eta Elisabete Maiztegiren omenezko plakak. Jarri gabe, oraindik, Karmele Esnalena.
Elbira Zipitriak Fermin Kalbetoneko bere etxea bihurtu zuen ikastola. Parte Zaharreko ardatz den kale horrek ez zuen beti gizon aberats eta ‘Madrilera begirako’ horren izena izan: Puiuelo kalea zen, hura hil aurretik. XX. mendean ere maiz jarri dugu hankaz gora izendegia: makurrarazi gintuztelako lehenik, atzera duintasunagatik, gero.
Zergatik ez, berdintasunaren izenean, orain?