Bigarren aukera opari
Loretopetik urteko azken hausnarketa partekatzera natorkizuen honetan, hainbat dira buruan bueltaka ditudan gaiak; baina 2020. urterako utziko ditut, egun hauek bihotza goxatzekoak baitira. Gabon garaia Coca-Colaren marketing kanpaina bat baino gehiago ere badela sinisten duen horietakoa naiz; egunerokotasunaren erritmo zorabiagarrian frenoak zapaldu eta ingurukoak zaintzekoa.
Hain zuzen, Gabonen funtsa horixe da; maite ditugunekin elkartu eta eraikitako harreman horiek sendotzea. Familia, lagunak… Zoritxarrez, askotan ez diegu harreman horiei behar bezala erreparatzen, nagitasuna, konpondu gabeko haserreak, bekoizkeriak… ez dira erraz alboratzen. Hori bai, opariak egiten «jainkoak» sentitzen gara; inork ez gaitu gaindituko merkatuko azken Iphonea ala patinete elektrikoa bezalako gailuekin.
Opariak egitea baina, ez luke lehia bat izan behar, gure gertukoenei diegun maitasuna adierazteko keinua izan behar luke. Eta saldu digutenaren aurka, barru-barrutik ateratako maitasun adierazpenek zerikusi gutxi dute ondasun materialekin.
Opariek zirrara eragiten dute aste pare batez; ondoren, urtarrilak errutinara itzultzen gaitu, eta akabo magia. Horregatik, kontuz ibili oparitzen duzuenarekin. Seme-alabek, ilobek ala bikotekideak etxea alaituko duen lau hankako lagun iletsu bat eskatzen badute, tentuz ibili; gogoan izan udako oporraldiekin batera hauek direla abandonu gehien ematen diren egunak.
Ez noa sermoirik botatzea; honezkero guztiok soberan jakin beharko genuke zergatik den horren garrantzitsua gauzak bi aldiz pentsatzea etxean animalia bat sartzerakoan. Baina nire esperientzia pertsonaletik gomendio bat egin nahiko nizueke; etxean lagun iletsu bat sartzekotan bazabiltzate, arren eta mesedez, ez ezazue erosi.
Zuen burua engainatu dezakezue esanez txakurkumeak nahi dituzuela hala haiekin denbora gehiago igarotzeko aukera duzuelako; arraza mota bat nahi duzuela ez dakit zer ezaugarri dutelako; eta abar luze bat. Hala pentsatzen baduzue, hobe duzue animaliarik ez izan. Txakurkumeak hilabete gutxitan hazten dira, eta denbora asko eskatzen dute zuzen hezteko; prest egon egunero txizak eta kakak etxeko edozein txokotan topatzeko ala etxeko altzariak txikituta aurkitzeko. Arrazako txakurrak horixe dira besterik ez: txakurrak. Haiek ez dute arrazarik bereizten, zergatik guk bai?
Aldiz, bizitzan aukerarik izan ez duen txakur ala katu bati bigarren aukera eskaintzeko prest bazaudete, zin dagizuet ez zaretela damutuko. Ematen dieguna mila bider itzultzen dutela entzungo zenuen; hala da.
Zuen lagunik onenak izateko irrikaz dituzue ehunka txakur eta katu inguruko txakurtegietan. Ez zaizkizue politak iruditu behar, onak eta lagunkoiak baizik. Zuen izaerarekin eta bizimoduarekin bat egiten ote duen begiratu behar duzue, eta ez zein den bere begien kolorea, arraza ala adina. Eta hori egiteko gai bazarete, benetan diotsuet etxera ekarriko duzuen hori ez dela opari bat izango; maitasunik zintzo eta leialena eskainiko dizuen familiako kide berri bat ezagutuko duzue. Eguberri on!