Biharamuna
Bart, 50 urte Franco hil zela. Mende erdia joan da diktadorea ohean hil zenetik. Euskal Herriko hamaika herritan xanpaina agortu zen eta Donostian ere ospakizunaren ajeak eta oihartzunak ere ezagunak dira. Egunak daramazkigu ordukoa nola bizi izan zutenekoaren lekukotzak entzuten eta irakurtzen askotariko profiletako jendearen ahotan. Bost hamarkada igaro izanak bizipenak modelatu ditu, ordea. Ez dugu berdin oroitzen, ez eta kontatzen ere. Garaian garaiko testuinguruak baldintzatzen du aldiro iraganarekiko dugun begirada, eta narratibetan ere hori agerikoa da, erabiltzen den terminologiatik hasita.
Euforiarekin bat, mesfidantzaz hitz egin dute hainbat lagunek. Azken urteetan trantsizio delakoaz begirada kritikoak ugaritu dira, garai hura zuzenean bizi zutenen ahotan baino, belaunaldi gazteagoen eskutik. Franco hil ondorenean, frankismo sozial –eta politikoak– luze izan zuen jarraipena. 1978ko Amnistia Legearekin, kartzelak hustu ziren, baina luze gabe berriro ere bete ziren. Eta gerran zein gerraostean egindako lege urratze askotarikoek inpunitate osoa jaso zuten.
«Berriro ere, Intza du izena tabernak. 1975 azaroaren 20aren ondorengo biharamuna ez zen nolanahikoa izango bertan»
Hiriaren paisaia horren lekuko izan da ere, frankismoak ezarritako kale izendegi eta monumentuak, Franco hil ondorenean ere, luzaz bere hartan mantendu ziren. Besteak beste, Urgulleko gazteluaren gainean eraikitako Kristoren Bihotz Sakratuaren estatuak gogorarazten digu hori. Berriki plazaratu da berau eraistearen aldeko eskakizuna. Hiriaren skyline-a edo ortzi muga errotik aldatuko delakoan berau bere hartan mantentzearen aldeko eskaerak irakurri ahal izan ditugu zenbait egunkari eta sare sozialetan. Antza, berau gazteluaren puntan eraikitzeak ez zuen paisaian inongo aldaketarik ekarri…
Biharamunak utzi zuen arrastorik hiriko gertuko paisaian ere. Arrazoi desberdinak medio, komertzio eta ostatu zenbaitek izena aldatu zuten Franco hil ondoren. Santa Katalina zubiaren puntan zegoen izozki denda, Heladeria La Española izatetik, Horchateria Heladeria izatera igaro zen. Valentziarrak ziren negozioaren jabeak eta urte erdia, udako sasoia, ematen zuten Donostian izozkiak eta hortxata saltzen eta, beste erdia, Valentzian Gabonetarako turroi prestaketan. Kontrara, Esterlines kaleko Bar España zelakoak gerra hasi aurretik zuen jatorrizko izena berrekuratu ahal izan zuen. Lau hamarkadaz etengabeko jazarpena jasan behar izan zuten eta tabernari kostata eutsi zioten. Tabernaren historia ahapeka kontatzen zen Francoren aurkarien artean. Zirkulu karlistak okupatu zuen tabernaren gaineko pisua, inongo errenta ordaindu gabe. Aurten Dani Fanok argitaratutako komikiak guztion eskura utzi du taberna zeramaten senitartekoek urte horietan guztietan bizitakoa. Berriro ere, Intza du izena tabernak. 1975 azaroaren 20aren ondorengo biharamuna ez zen nolanahikoa izango bertan.


