Bilbon, Aberri Eguna, Plaza Barrian. Donostian, Desaberri Urteak, 'Plaza de la Constitución'-en
Ez da idatzi honen helburua Bilbo eta Donostia alderatzea, antzeko egoerak bizi baititugu bi hirietan; gaiari heltzeko aitzakia baino ez da. Aspaldian hasi baitzen Euskal Herriaren, euskara(z) gara herriaren, konkista, kolonizazio, desnazionalizazio, desaberritze prozesua. 1200 urtearen inguruan, gaur EAE esaten diogun horretan, 1500aren inguruan, Nafarroa Garaian, eta, jarraian, Iparraldean.
Zenbat eraso, zenbat bortxa, zenbat oldarraldi gaur arte, 2026ra arte.
1800ean, donostiar gehienak euskaldun elebakarrak ziren; antzera izango zen Bilbon. Euskara ginen, nahiz alfabetatu gabeak gehienak, gaur egun bezala, botere eta instituzio nagusiak espainiarrak zirelako eta direlako.
1813an, hiria bortxaz hartu, arpilatu, su eman, emakumeak bortxatu eta 1.200 hildako eragin zituzten, 10.000 biztanle eskas zituen hirian (erdiak harresi barnean). Arrakastaz harro, Constitución de Cadiz ezarri/inposatu, eta, Plaza Berriari izena aldatu zioten (herritarrek frankismora arte eutsi zioten Plaza Berria izenari). Jarraian etorri ziren administrazioan eta eskolan euskara erabiltzeko debeku zorrotzak, umeei zigor fisikoak eta irainak eragiteko aginduak, Bizkarsoro filmak argi erakusten digun moduan.
«Jon Insausti eta haren alderdiaren esku dago Plaza Berriari bere jatorrizko izena itzultzea»
Francoren diktaduran, 18 de julio ez esatearren, guk, zapalduok, memoria-gabetuok, Kosti erabiltzera pasatu ginen. Eta halaxe nahi gaituzte orain ere, menpeko.
Euskara gara, eta euskara izan nahi dugula erakutsi du herriak Korrikan. Jon Insausti alkateak ere pozik eta harro eraman du lekukoa. Ondo daki berak ezingo garela euskara izan ez oraingo, ez Cadizko konstituzioen plazan. Marko berri bat, plaza berri bat beharko dugula lortu. Ez da erraza izango.
Baina, errazagoa da, Jon Insausti eta haren alderdiaren esku baitago, Plaza Berriari bere jatorrizko izena itzultzea. Onartezina da horrelako desaberritze eta erdalduntze mingarria eragin duen konstituzioaren (Constitución de Cadiz, 1812) izena izatea gure hiriko plaza nagusiak. Nork lagundu eta babestu izango du. Kontrakoak baita ere, zoritxarrez.
Ederra litzateke EAJk hurrengo urteko Aberri Eguna Donostian ospatzea erabakiko balu, Plaza Berrian egin ahal izatea eta ez Plaza de la Constitución-en.


