Bioaniztasuna
Ezkor hitzari bi esanahi aitortzen dizkiot. Alde batetik, ezkorra da proposatzen edo eskatzen zaion guztiari, edo gehienari, ezezko batekin erantzuten diona. Beti ez, ez… bada, ezkor. Eta, bestetik, ezkorra da dena, edo ia dena, zail, ilun, ezinezko… ikusten duena ere. Eta, jakina, gauza bera gertatzen da baikor hitzarekin, baina alderantziz.
Horiek horrela, argitu beharrean nago ni, aldi berean, baikorra eta ezkorra naizela. Ez omen dakit «ez» esaten, bada, baikorra izango naiz. Eta gauzak ilun ikusteko joera dudanez, ezkorra.
Baina, noan harira. Bioaniztasuna hitza entzun edo irakurri orduko, honako gogoeta ezkor hau etorri ohi zait burura: Horratx galtzeko bidean dugun beste borroka bat. Nola ez dut ba hori pentsatuko galtzen ari diren bizidun espezieak kontuan hartuta! Hala ere, eta gauzak zehazte aldera, animalien eta landareen egoerak bereiziko nituzke, arrunt ezberdinak baitira.
Basa animalia askoren biziraupena bikea baino beltzago sumatzen dut. Iduri luke gu haiekin bateraezinak garela. Are, etsaitzat hartzen ditugula. Kaltegarri, lehiakide edo arriskutsu izendatu ditugu, eta horren ondorioa da gerturatzen zaizkigun ia guztiak akabatzeko dugun grina tristea. Halere, zuzeneko jazarpena baino kaltegarriagoa zaie zeharkakoa, propio kaltetzera joan gabe egiten dieguna. Zenbat animalia hil ote dira errepideetan gure ibilgailuek zapalduta? Zenbat, fitosanitario kimikoek pozoituta, edo zakartutako larreak edo basoak erreta? Baina horiek guzti horiek larriak izan arren, arazoaren muina beste bat da.
Etengabe ugaritzen ari diren gure behar eta sasi beharrak asetzeko, munduko bazter bat bera ere ez dugu ustiatu gabe utziko, eta, ondorioz, ez diogu faunari egoki bizitzeko lekurik lagako. Eta horrek ez du konponbide errazik munduko giza populazioa eta haren kontsumo maila egonkortu edo, are, murriztu ezean.
«Animaliak gu bezalaxe munduan sortuak badira, gu bezalaxe eduki beharko lukete aukera bertan bizitzeko»
Baina zertarako behar ditugu basa animaliak? Zer aurreratzen dugu beleak, bareak edo azkonarrak edukita? Ez al ginateke berdintsu biziko halakorik gabe? Hala dirudi, baina afera ez da hain samurra.
Pentsatzen jarrita, niri hiru arrazoi bururatu zaizkit animalien alde ahotsa altxatzeko. Lehendabizikoa osasunaren arlokoa da. Pandemia garaian, adituek bioaniztasuna goraipatu zuten, animaliena bereziki. Animaliarik gabe, zioten, beraiengan bizi diren birusak eta enparauak guri begira jarriko lirateke, eta, ez denak eta ez beti, baina bai batzuk egoera berrira egokituko lirateke, gugan gaixotasun berriak garatuz.
Bigarrena genetikari dagokio. Animaliek mota askotako geneak dauzkate eta, agian, egunen batean aberastasun horren beharrean egon gintezke gure hainbat arazo gainditzeko.
Egia esatera, aipaturiko bi argudio horiek urruneko eta arrotzak begitantzen zaizkit, ia zientzia fikzioaren alorrekoak. Hirugarrena, berriz, bestelakoa da, eta nire mundu ikuskerarekin du zerikusia. Gu bezalaxe munduan sortuak badira, gu bezalaxe eduki beharko lukete aukera bertan bizitzeko. Bestalde, animaliarik gabeko mundua tristeagoa litzateke, haiek bazterrak jantzi eta alaitu egiten baitituzte, beren irudi, mugimendu eta soinuekin. Eta ez hori soilik, sarri askotan, gure irudimena eta sorkuntza hauspotu dituzte. Esate baterako, esaera zahar, ipuin eta fabula askok animaliak dituzte protagonista. Izan ere, txoririk gabe nork konposatuko luke Goizian argi hastian gisako kanta ederrik?