Biolinen zorroa
Goizeko zazpiak ziren eta kalean ohiko erritmoa nabaritzen zen. Betiko zirimiriak sortutako giroaren ondorioz, kaleak itxura berezia zuen, 1940ko hamarkadan Donostian askotan gertatzen zena, hau ezaugarri nagusia baitzen.
Ostatutik ateratzean, atea itxi zenean sortutako soinu indartsua ozenki entzun zen, eta hiru gizonek atzera begiratzeko keinu bera egin zuten. Ez zuten ezertarako ere astirik izan, tiro multzoaren hotsa izugarria izan zelako, eta ehunka bala haien bila joan ziren. Gizonetako batek gerritik pistola bat atera eta Guardia Zibileko Mata Combarro kaboa zauritu zuen. Keinu hutsala izan zen. Hiru gorpuak kalearen erdian gelditu ziren, odolak sortutako putzu handi batean.
Zer gertatzen zen jakin nahirik balkoietara atera zen jendeari begira jarri zituzten armak, eta isiltasuna nagusitu zen. Donostiako egunkari frankisten erantzuna ere isiltasuna izan zen, eta isiltasuna isiltasunaren gainean pilatu zen.
Furgoneta zahar batek hiru gorpuak Polloeko hilerrira eraman zituen, eta bertan izenik gabeko nitxo batean ehortzi zituzten. Urteek aurrera egin ahala, gorpuzkiak hezurtegi orokorrera jaurti zituzten.
Ziurrenik irakurlea galdezka ari da: Baina nortzuk ziren? Zergatik…?
Galdera horien guztien erantzuna ez dugu. Zein urtetan eta zein egunetan gertatu zen ere ez dakigu, ezta gertaera guk aipatu bezalaxe gertatu ote zen ere. Baina zerbait badakigu, herriaren itzal beltzak izenik gabekoen ahotsak ezerezaren zabaltasunean entzuten dituelako.
Hiru gizon ziren eta haietako biren izena badakigu, baina hirugarrenaren izena ezin izan da jakin. Secundino Ruiz Gonzalez Matias eta Constantino Garcia Garcia Katiuska Kantabriakoak ziren, anarkistak. Maki delakoan zebiltzan eta “mendikoak ziren” (los del monte). Azañaren gerrillakoak ziren, eta baita Carabaosko praktikantearen semearen taldeko kide gisa ezagutuak ere. Frantzia aldera zihoazen, baina borreroek erail egin zituzten.
Norbaitek Easo eta Urdaneta kaleen arteko izkinako ostatu batean 1940ko hamarkadan izandako gertaera honi buruzko xehetasunen bat baleki, guri edozein informazio ematea eskertuko genuke.
Berriz ere irudimena dantzan jarriko dugu. Matxinada bezain gorria zen odolak sortutako putzu honen erdian, gorpuen ondoan biolin zorro batzuk zeuden, herriaren itzala bezain beltzak zirenak. Boterearen ustez, isiltasuna zalantzarik gabe garaile suertatuko zen, eta gertaera hori ahanzturan galduko zen. Baina egiaztatu ahal izan duzuenez, batzuek istorioak amildegitik berreskuratzen dituzte, berriz ere bihotzen musika entzun dadin.