Birusak
Heldu, eta honezkero, joan zaigu iraila. Udako pausa eta gero, hasi dugu (ikast)urte berria, topatu dute harea eta ura hondartza ondoko zulo erraldoian (harritzekoa!), Zinemaldiak izan du alfonbra gorria, eta olatuak harrotu zaizkigu itsasoan. Denak hartu du bere martxa, eta horri jarraika gabiltza, ito beharrean, beste behin ere.
Horrelako bizitzak sortu ditugu: gauzak gurera ohitu beharrean, gu haietara ohitzeko etengabeko saiakeran. Lanean, estres eta antsietatean. Lorpen beharretan, hamaika frustraziotan. Erlojuaren kontra, gorputzari entzungor egin eta helburuak erdiesteko atzera kontaketetan. Planetan, atsedena denbora galtzetzat. Eta pasatzen dira asteak, eta hilabeteak, –iraila pasa den bezala– eta klak egiten digu halako batean gorputzak, barruak. Horrela ezetz. Gelditzeko. Hartzeko arnas. Hausnartzeko. Eta berriz ere (hutsetik) hasteko.
Irailak berez zailak badira, aurtengoak izan ditu gehitutako hainbat zailtasun: COVID-19a eta honek berarekin dakarrena. Guztiok nabaritu dugu zama hori gainean: langile, langabe, ikasle eta erretiratuek. Nabaritu dugu zama lasaitasun eta estutasun unetan; ez baita bera larritasuna orain, eta lehen; berdinak ez diren bezala oraingo lasaitasun uneak, eta lehengoak. Guztia muturretan sentitzen dut nik: estutasunak estuago, eta lasaitasunak bareago. Eta ez dakigu, hau guztia, noiz arte; honetara ohitu behar garen, edo pasako den. Dakigun bakarra da, bizitza orain dela; hemen dela –deitu normaltasun, distopia, fikzio–, eta guk bizi ezean, ez dela.
Urria da honezkero, eta asteburuko pausaren ostean, berrekin diogu egunerokotasun berezi honi. Goizeko kafeari begiratua bota, putz egin, eta batek baino gehiagok astea indarrez hasteko promesa egin diogu geure buruei hura kafe putzuan islatuta ikusi dugunean. Kalera atera, irribarrea maskaren atzean izkutatu, aterkipean sartu, eta errutinan murgildu gara, urriak neketik urri izango duelakoan. Baina «No time for love». Ordu gutxiren buruan iragana ere orain dela gogoratu digute berriek; esku burdinak, patrolak, oihuak, eta minak.
«Normalitate berria». Baina, zer ote du honek normaletik, eta zer berritik. COVID-19ari beste birus luzeago bat gehitu zaio udazken honetan. Berriz ere, min hori; txertorik ez duena, sendabiderik jarri nahi ez diotena, zauritzen duena, lotzen. Bizitza orain eta hemen dela, eta guk bizi ezean ez dela, esan dut lehen. Biharko goizeko kafean, lau pareten artean dauden horiek gogoan, egin putz kafeari gogoz, eta gugatik eta haiengatik ekin indarrez egunari.