Birusak
Autobusean, ondokoari entzun nion egun hauetan ez zela «txinoetan» ezer erosten ari, birusak joko ote zuen beldurrez. Esango nuke etorritako turistek txinatarrek adinako arriskua dutela. Zain gaude ea ostalariek noiz asmatuko modua turistek hemen utzitako sosak bildu bai eta euren birusak uxatzeko.
Turista horiek erakartzeko grin berezia izan zuenetako batek, Ernesto Gascok, Madrilerako bidea hartu du. Ez dio funts putre batek etxea erosi. Ez doa Zaldibarko giro ezatik ihesi. Sanchezek Madrilera dei egin dio bere gobernuan parte hartzeko.
Senperrek eta Gascok zinegotzi izateari utzita, konstituzionalista biak azken hauteskundeetako Donostiarako hautagaiak aldatu beharrean dira. EAErako ere, PPk aldaketak egin ditu; hor, ordea, moda retroari lotu zaio. Iturgaiz ekarri dute bueltan. Basque to the future! Iturgaiz strikes back! Edo strikes basque, nahiago baduzue.
Berez, ez nago oso ados Iturgaizen (edo inoren) euskara-mailari trufa egitearekin. Eskertzekoa da PPko hautagai batek euskaraz ere aritzeko ahalegina egitea –nahiz eta Galizian zein Katalunian ohikoa izan bi hizkuntzatan aritzea–. Denarekin, aitortu beharra dut aspalditik erabiltzen dudala «Iturgaiz sindromea» esapidea.
Izan ere, ikasle askok bihurtu dute ohitura gaztelerazko «-cion» euskaraz «-zioia» esatea: «kontratazioia», «maldizioia»… Neuk lehen aldiz Iturgaizi entzun nion: «konstituzioia». Hartatik, txantxetan, «Iturgaiz sindromea» deitu izan diot. Ikasleen gaineko eragina azkarra izan ohi da (zen): bereak eta bi egiten dituzte akats hori ez errepikatzeko.
Ez dirudi, baina, Carlosek lehengo akatsei uko egiteko asmo handirik duenik. Ez naiz orain linguistikoez ari, baizik eta «abertzaletasunaren birusaren» –besteenaren, jakina– matraka berriz ekartzeaz. Noiz hasiko gure gizartea halako ika-mikak modu zentzudun samarragoan eramaten; eta horrek etorri behar akordeoiarekin hautsak eta haizeak harrotzera.
Behintzat, abantaila parea ikusten diot itzulerari. Bata, Europara bidalitako huraxe, etxean bertan berrerabiliko duela PPk. Birziklaia, berrerabilpena, etxean nahi ez duzuna kanpora ez bidaltzea… ez dakit zer den, baina badu gure Jaurlaritzak zer ikasi Zaldibarkoak ez errepikatzeko. Halere, bazpare, ez dezatela premia handirik sentitu Gasco ere bueltan ekartzeko.
Bigarrena, berriz ere eskolan «Iturgaiz sindromea» aipatzean agian ez dudala berriz «Nor?» entzungo. Hartara, ez naiz hain zaharra sentituko. Bueno, hobeto pentsatuta, gazteek ez badute bere izena ikasten, ez da seinale txarra izango