'Bitakora'
Jon Odriozola, Kazetaria
Bi hilabete: abuztua eta iraila. Bi talde: Sevilla eta Granada. Biak, lurralde bero berekoak; Andaluzia. Bi emaitza berdin; 1-0. Bi sentsazio: gazi-gozoa Sevillako porrotagatik, poza Anoetako garaipenagatik. Bi jokalari: Illarramendi eta Mariga. Lehena, zelaian heldutasuna erakusten ari den gaztea, eta keniarra, eskarmentua zelairatzen ari den gazte-heldua. Beste bat, Iñigo Martinez; erabat lotsagabe jokatze ari da. Gazteak indartsu datoz, baina ez ditzagun denbora baino lehen aldareetara igo. Lau jardunaldi, bi garaipen (Sporting eta Granada). Bartzelonaren aurka, bina; puntu bat patrikan baina hiru lortu izan balira bezala.
Hasi besterik ez gara egin, baina taldeari beste gorputzaldi bat antzematen zaio. Iraileko aldaparen ostean, txanpa indartsu bat egin beharko du; datorren hilabeteko lehiak ez dira nolanahikoak izango. Mallorcakoaren ostean, Zaragoza eta Levante kanpoan, eta Athletic, Getafe eta Real Madril etxean. Bilbotar eta merengeen aurkako partidak beti dira bereziak, edozein ordutan izanda ere. Zale asko bilduko da partida horietan. Herenegun ere, ia 24.000 zale bildu ziren Anoetan. Txalogarria. Haizea alde du taldeak eta norabideari eustea du xede.
Itsasoa izan zen protagonista Kontxako Banderan, eta Montanierrek gozatu handia hartu omen zuen estropaden kontura. Oker ez banago, bitakora, itsasontziaren oreka mantentzeko ezinbesteko tresna da. Ligan garai hain gozoak azaltzen ez direnean, ekaitzei aurre egiteko frantziarrak bitakora koadernoa esku-eskura izan dezala. Ziur mesanotxearen gainean duela.
