«Bitartean bizitzak ez du stop egiten»
Eta zu, zer moduz lanean?». Galdera ohikoa egin genion lagunari, baina ez genuen betiko «ondo esan beharko»-rik jaso ordainetan. Ostera, hiri honen erradiografia gordinetako bat itzuli zigun. Kuadrillako gizarte-langileak hitz egin zuen. «Atzo, asteartea, dutxetako tiketak banatzen aritu nintzen. Emakumeenak Kotxerasen daude; gizonezkoenak, berriz, Anoetan». Ez genekien, sikiera, dutxa horiek existitzen zirenik. Ezagutzen ez genituen edo, akaso, entzungor egin izan diegun gauza askoren berri eman zigun gure lagunak. Hiri honek diseinu trebea du: ikusgarria izan nahi du eta, aldi berean, badaki ikusezina izaten.
Kontatu zigun zein den kale-teknikariaren lana eta zertan zen «gizarte-bazterkeria» terminoa, auzoan «eskale» hitza erabili izan baita betidanik. Eman zigun erroldaren garrantziaren berri, horri ere sekula ez baikenion erreparatu. Azaldu zigun zergatik den horren altxor preziatua bere lanean: «Hori baita oinarrizko eskubide, laguntza eta balorazioak eskatu ahal izateko lehen oinarrizko baldintza». Kontatu zigun, halaber, zenbat itxaron behar izaten den laguntza eskatzeko eskubide hori izateko.
Azaldu zigun nola justifikatu behar den, gutxienez, hiru hilabeteko egonaldia. Horretarako, besteak beste, justifikatu behar duela pertsonak hainbat erakundek emandako zerbitzuak erabili dituela, adibidez: Bidelagun (Caritas), Gurutze Gorria, Hestia Eguneko Zentroa, Epa, Kolore Guztiak, Jatorkin Al-Nahda, Sos Arrazakeria… «Toki horietara joan eta hilean behin niri egin behar didate bisita, jarraipena egiteko. Jarraipenarena ez da kontu erraza. Bueno, dena da zaila kalean zaudenean».
«Eta bitartean zer?», galdetu genion guk. «Bada, bitartean, kalean zaude», erantzun zigun berak. Azaldu zigun zer zen kalean egotea. Nola, balorazio berezirik egon ezean, Aterpetxeko egonaldia hiru egunekoa dela gehienez, eta, behin egonda, ezin zarela bueltatu hiru hilabete igaro arte. Kontatu zigun nola CMASeko aterpetxea dela hiriko bakarra (nahiz eta, beste erakunde batzuen zerbitzuak eta balorazio berezia jaso duten pertsonentzako aterpetxeren bat gehiago dagoen arren). Eta nola dauden halakoak tokitan, Kotxeras edo Zorroagan eta, inondik inora Antiguan edo Erdialdean. Azaldu zigun zer den goizeko seietatik ilaran egotea. Kontatu zigun nola, behin hiru egunak agortuta, bidali behar izaten duen jendea Orereta, Irun edota Tolosara. Beste behin, hiru egunetan edo, asko jota, astebetean iraungituko den babesa bila. Kontatu zigun nola «y cómo vamos?» galdetu ohi diotela, eta, sarri, «andando» erantzutea beste aukerarik ez duela izaten.
Kontatu zigun nola ez dakien bezperan ezagutu zuen mutikoa berriro ikusiko ote duen. Esan zigun nekagarria dela horrenbeste ezezko ematea. Nola udalak, Jaurlaritzak, bakoitzak dituela bere arau eta prozedurak, eta horiek ez direla batere arinak. Esan zigun nekatuta zegoela.
«Zeren esan behar diozu hurrengo hilabetean etortzeko. Prozesuak motela direlako, eta zuk zure kabuz ezin dituzulako azkartu. Baina, bitartean, bizitzak ez du stop egiten». Azaldu zigun nola den sorgin-gurpil erraldoi bat gure hiria. Esan zigun agenda beteta duela eta berandu atera zela lanetik.
Kontatu zigun nekatuta dagoela. «Nekatuta gaude, ni eta nire lankideak. Hamaika emakume gara eta orain mutiko bat dabil ordezkapen batzuk egiten. Bai, zifra hori ere esanguratsua da. Baina, hori beste batean eztabaidatuko dugu».