Bizi, zaindu eta borrokatu
Aste honetako datuen arabera, 7.340 hildako daude Espainiako Estatuan, eta horietatik 1.500 baino gehiago zahar egoitzetan. Denoi hilkorrak garela oroitarazteko iritsi da COVID-19a. Eta, bat-batean, egun batetik bestera, beldurra sartu zaigu gorputzean, mesfidantzarekin begiratzen diogu bizitzari, bizilagunari.
Heriotzaren begietara denok gara berdinak, baina, zergatik ez gara berdinak bizirik gauden egun guzti horietan?
Galdera horrentzako erantzun ugari daude, baina erantzun gehienetan oinarria bera da: boteredunek sistema ekonomiko eta politiko oso bat eraiki dute beraien hilkortasun eza oinarri eta helburu gisa hartuz.
Beste batzuok ordea, urteak daramatzagu kontrako zentzuan borrokatzen eta eraikitzen: gure burua hilkor jakinda, gure ardatz nagusia, bizitza egunero zaintzea eta bizitza zaintzen dutenen aldeko borroka egitea baino garrantzitsuagorik ez dago.
Gaur, bi urtez burutik atera ezin dudan borroka bat gogora ekarri nahi dut, zahar egoitzetan lanean dauden emakume horiena guztiena. Gipuzkoan 243 eguneko greba bat atzeratu dutenena, lanera bueltatzeko.
Badakit sufritzen ari zaretela, materialik ez duzuela, birusaren aurrean ere salduta utzi zaituztetela, baina jakin badakit ere zuen profesionaltasunaren alde borrokatzen duzuenean bezala, birusa garaituko duzuela, eta «zuen aitona-amonak» zainduta egongo direla.
Eskerrik asko egunero egiten diguzuen duintasun erakustaldiagatik. Zuen zaintza, askoren bizipoza baita.
P.D.: Markel Olano, Erresidentzietako langileen eskariak sostengaezina izaten jarraitzen al du?