Bizilagunak
Hainbat pisutako etxeetan bizi garenok badakigu zer den bizilagunak izatea. Batzuetan laguntza handia dira, gatza bukatu zaizunean, etxeko atea irekita utzi duzunean… Gainera, igogailuan elkarrizketa ematen dizute. «A zer hotza, ezta?». «Bai, eta irratian esan dutenaren arabera, asteazkenera arte horrela jarraituko dugu, euri jasak izango dira eta 5 graduan…». Aitortuko dizuet igogailurik gabe ez nukeela jakingo asterako zein arropa prestatu.
Baina bizilagunen arteko harremanak ez dira beti hain idilikoak. Batzuetan gurasoek umeari Mozart berria izango ez dela noiz lortuko esango dioten esperoan gaude. Besteetan, buzoian propaganda razio bikoitza duzu, baten bati otu zaiolako Gabonetako jostailu-katalogo pisutsuan interes berezia izango zenuela.
Jakina, ika-mika iturri oparoena erabaki amankomunak hartzean datza. Igogailua handitu behar ote den, pisu turistikoa bai/ez… Gainera, zure ezkaratz berekoekin ez ezik, ingurukoekin ere tratatu beharra dago: antenak, fatxada… Zaila da denon interesak uztartzea; beti ez dago konponbide egoki eta bidezko bat.
Batzuen irtenbidea jende gutxiagoko eremuetara joatea da. Adibidez Atotxa Errekan egindako etxe berrietara joan dira, lasaitasun eta erosotasun bila. Eraikina jende gutxiagorekin elkarbanatu eta inguruan ere jende gutxiago edukitzeko.
Dena den, horrek ere ez dizu bermatzen bizilagunekin traturik ez izatea. Azkenaldian eztabaida dute. Bizilagun batzuk kexu dira autoak abiada handian pasatzen direla, batez ere goizean Zuatzura joateko bide laster hartzen dutenak. Udalarekin etsita, bizilagun batek radar itxurako kutxa bat jarri du bere eremuan. Engainuzko radarra ikusitakoan, gidariek 30eko muga betetzea da helburua; lehentxeago duten seinale ofiziala errespetatzea, alegia. Beste bizilagun batek, ordea, salaketa jarri dio, legezkoa ez dela eta arriskuak sortzen dituela argudiatuta. Pentsa zein giro ederra auzunean.
Sasiradarrak bere helburua lortu du: udalak benetakoa jarriko duela iragarri du, denok ados egon gabe ere. Jende gutxirekin ere, beti dago gatazkarik. Bizilagun batzuen helburua: nahi abiaduran joaten utz diezaietela, euren bizitza isunik gabe egiten jarraitzea. Besteena: auto batek harrapatzeko arriskua murriztea, bizitzen jarraitzea. Ondoan bizitzeaz haratago, bizitzen laguntzen dizuna beharko luke benetako bizilaguna.