Bizitzea zer den
Zer da bizitzea, ba?
Galdera zaila egin diozu zeure buruari, Martin. Baina kapritxosoa izan ohi da neure burua halakoetan, eta erantzun egokia eman arte ez da isilduko.
– Zer da bizitzea, ba?
Nik zer dakit! Arnastea? Elikatzea? Zelulak bizirik mantentzea?
– Nola, baina?
Suposatzen dut horretarako dugula sudurra, eta bai, lan egin beharko da jatekoa erosi ahal izateko. Sexu harremanak ere beharrezkoak dira, ezta? Birsortzeko diot… ondo gogoratzen badut, ikastolan irakatsi ziguten, bizidunen funtzioak horiexek zirela.
– Bale, Martin. Zer da bizitzea? Lan eginda, arnasten eta birsortzeko sexua izaten bizi al zara, ba?
Ba… ez. Gauza gehiago egiten ditut, baina bizitzea zer den galdetu didazu.
– Zer da zuretzat bizitzea, ba?
Suposatzen dut gozatzea bizitzaren parte dela, baina ez naiz beti horren lasai bizi izan! Musika entzutea, kantatzea, lagunekin egotea… zerrenda luzea egin nezake!
– Hasi, ba!
Kirola egitea, parranda… parranda egitea! Hori bai bizitzea!
– Baina ez duzu adinik!
Adinik al dago horretarako? Egia da ez dudala nire adineko askorik ikusten Ikatz kalean, baina tira, beharrezkoa ikusten dut tarteka parrandatxo bat egitea. Bueno, sarri epaitua sentitzen naiz, eta agian astebukaeraz astebukaera Dokan amaitzea ez da nigandik espero dena, baina zer demonio! Ez dizkiot inori kontuak zuritu behar!
– Eta gizartea?
Gizartea… likido likatsua da, kapitalista eta zorrotza, erpinez josia. Tanta bihurtzen denean ordea solido bihurtzen dena, esferikoa eta gardena, kristala bezalakoa. Perfektua norbanakoz norbanako. Halakoa da Gizartea.
Badakit, Martin! Badakit zer den bizitzea! Maitatua sentitzea da bizitzea! Horren bila ibiltzen naizela esango nuke, etengabe, denbora guztian. Elkarrizketa baten modukoa da maitatua sentitzea, bestearen erantzuna behar duzulako. Bestea diodanean zu ere sartzen zaitut zakuan. Agian zailena zu zara, Martin. Zorrotzena. Epaiketa konstante batean naukazu, horrelako galderak egiten, eta erantzun zailak bilatzen. Ez zara inoiz ados egoten, eta pasatakoa ekartzen didazu gogora, akatsez akats ni torturatzen ibiltzen zara. Nola nahi duzu ba bizitzea? Ez banauzu zuk maite, nork maitatuko nau?
– Orain esango didazu egunero pixka bat hiltzea dela bizitzea? Nahiago nuen aurreko erantzuna!
Ikusten duzu! Ez zara inoiz asetzen!
– Maitagarria zara, lasai. Eta ezinbestekoa da akatsetatik ikastea. Okerragoak dira kristauak! Haiek barkamena besterik ez dute behar. Damua eta barkamena! Baina beti triste, parrandarik ezin dute egin, infernura baitoaz zuzenean.
Arrazoi duzu, maitatua sentitzea da bizitzea. Besteekin gozatu askatasuna arnastuz, mahai baten bueltan ondo elikatuz, eta gozamenezko sexua edukiz. Musika partekatuz hunkituz. Desafinatuz tarteka, baina entzunaldi baten ostean ahotsa zuzenduz. Adinaren maratoiaz eta bereziki bideaz ikasiz, eta nola ez, parrandan bidetik irtenaz. Hori da bizitzea, eta itzul diezadatela dirua bestela!