Borobil bat eguzki lorea gainean
Atzeko paretak eguzki lorea du gainean. Parean, barra; eta bertan, Maria edo Unai, edo biak batera, irribarre ezin adeitsuagoarekin. Ez orain, baina lehen beti lehen lerroan, Elenita edo Patxi. Shakira dantzatzen nenbilela esan zidan lagunak ahapeka: «Aizu, oso fuertea, badakizu Aurresku itxiko dutela?». Ahoz aho zabaldu da gure artean berria; eta belarritik belarrira pasatu diogu elkarri nostalgia. Baita «eta orain, zer?» batzuk tartekatu ere. Elenitak baieztatu du: «Bai, Patxi eta biok taberna utziko dugu, minbiziarekin gaudelako eta ezin dugulako taberna ondo atenditu».
Ulergarria da, akaso, atximurkadatxo bat sentitu izana bihotzean. Ez baitira gutxi izan txoko honetan igarotako orduak. Moviendo Caderas dantzatzen, noski, baina dantzaleku bat baino gehiago besarkatu dute tabernako paretek. Halaxe eman dio berriaren tonu tristeari buelta Elenitak, oroituz urte hauetan jaso dituzten pertsonaia, kolektibo, ekimen eta une denak. Bertso saioak, hitzaldiak, parrandak, algarak, penak, liburu aurkezpenak, DJ-ak, abeslariak, enkontruak. «Denon artean osatu dugu gune ziur eta erosoa, batez ere LGTBI+ komunitatearentzat, eta oso eskertuta gaude, bereziki, mugimendu feministari». Alde horretatik, behintzat, ez du motibo merkerik harrotasunak. Ia denerako tartea eta ia edonorentzako parada izan du Aurreskuk. Badu zerbait Kafe Tristearen Balada ipuineko Miss Ameliaren kafetik.
Miss Ameliaren kafeak eta han gertatzen diren istorioetako pertsonaiek badute ezaugarri zehatz bat: itsusiak dira. Kafea dagoen herria itsusia da. Miss Amelia bera, «marimutil» deritzonaren arketipoa da: emakume beltzaran, erraldoi eta apur bat ezkela, baina zorrotza du begia. Bigarren protagonista gizon txalkor hanka-oker bat, txikia eta sobran sentibera. Deformeak izan daitezke ala ez, baina munstrotasuna hegemonia eta norma desafiatzetik datorkie ipuineko pertsonaiei. Handik pasatzen diren bidekariei zalapartatsuak, marikak, kexatiak, pobreak—, beste hainbeste. Miss Ameliaren kafean denentzako tokia dago, eta pasadizo horietan, itsusi izateko lizentzia har daiteke, eta baita hamaika gauza gehiagotarako ere.
Eguzki lorea munstroak sartzea ekiditeko eskegi ohi da ateetan. Aurreskukoak, ordea, ongietorria eta abaroa ematen die beste nonbait munstro direnei. Eta eskaintzen die ebaki bat, zurito bat, duela urte batzuk Patxiren patata tortilla ogitartekoa. Borbil batek biltzen du Aurreskuko eguzki lorea, batzuetan izan daiteke besarkada eta bestetan kobazulo, norberak unean une behar duena.
Noski uzkurtzen dela bihotza, lagun. Zer esango dizut, tristea da deriba. Parte Zaharrean bizi naiz eta etxetik atera orduko topatzen dut lehen Rekalde taberna zegoen tokian meteorito batek utzi lezakeen tamainako krater bat. Baina, Aurresku itxiko duten zurrumurrua pasatu diodan lagunak zera bota dit: «Orain, pilak jartzera, hirian espazio berriak okupatzera». Bihotzeko atximurrari, jarri tirita. Hobe berandu baino lehen hastea. Nostalgiari nostalgia, eta adreiluari mailua, hiri honetan gure neurriko kobazuloak arrakalatzeko.
Ziur, Elenita eta Patxik harro kontenplatuko luketela halako estanparik. «Espero dugu proiektuak segituko duela aurrera» dio Elenitak. Hor dago beren lankideek lekukoa hartzeko aukera. Eta, segidan, letra larriz: «Patxi eta bion asmoa momentuz da BIZITZEA, eta atsedena hartzea. Indartu eta auskalo zein den gure hurrengo abentura!». Besarkada bat, brindis bat edo erreberentzia moduan dantzatuko den aurreskuaren doinua. Hasi zenutenak segituko du.