Borreroak baditu milaka aurpegi
Donostian indarra hartu duen joera erreakzionarioak jada ez du inor ezustean harrapatzen. Afari solidarioen debekuari eta LQNTCDD-k ezartzen duen markoari segika, Insausti alkate berriak ere erreakzioaren bide zaharretik jo du: etorkinak jopuntuan jarri ditu eta eskubide politikoen aurkako hiri ereduan sakondu du.
Insausti izan da EAJren aurpegi garbiketarako apustua Eneko Goiak behea jo ondoren, eta nahiko modu trebean ari da horretan: alde batetik, aurpegi berriaren promozio etengabea ikusi dugu, Behobian korrika edota eskoletatik tour-ak egiten, argazki galeria zabalekin. Bestetik, populismo erreakzionarioari jarraiki, Voxen pare ari da etorkinen aurkako diskurtsoan sakontzen eta segurtasunaren izenean Poliziaren errepresioa indartzen. Aipatzekoa da, gainera, bere agintaldiak lau hilabete bete ez dituenean, jada etxerik gabeko hiru pertsona hil direla kalean, Espainiako Estatuko etxebizitza garestienak dituen gure hiri honetan.
Antzerki txarra dirudien arren, momentuz, badirudi promozio ariketa hau nahiko ondo doakiola. Arrakasta hau ezin da ulertu komunikabide batzuek marko diskurtsiboa ezartzeko daukaten gaitasuna kontuan hartu gabe. Askotan aipatzen dira sare sozialak eta komunikazio bide berriak faxismoaren hedapenerako bitarteko gisa, baina betiko komunikabideek ere jarraitzen dute gaitasun hori izaten, eta, Donostian, El Diario Vasco aipatu behar da, ezinbestean.
«Ikusten dugu badatorrela olatua, baina tantaz tanta ere hedatzen da, maiz, aurpegi atseginez: alkate «jatorren» eskutik, komunikabideetan, kuadrillako elkarrizketetan…»
Vito Quiles edota Cake Minuesa kazetari/aktibista faxistak modan dauden garaiotan, El Diario Vasco gisako komunikabideek modu zoliagoan zabaltzen dituzte ideia erreakzionarioak. Eskelengatik (hori diote, behintzat), Realagatik… egunkaria erosten duten ideologia ezberdinetako milaka donostiar ditu irakurle, eta objektibotasunaren izenean, segurtasun ezaren edota arrazakeriaren ideiak zabaltzen ditu, tantaka. Gerraren eta pobretzearen testuinguru honetan, fokua oligarkiaren interesen mesedetan jartzen du, etengabe, egunkariak.
Pasa den otsailaren 7an, baina, aktibista faxista horien jarduteko modua gogorarazi zidaten El Diario Vasco-koek, Martuteneko espetxeko atarian Garikoitz Aspiazu euskal preso politikoaren irudiak hartu eta bere mugimenduak argitara eman zituztenean, eskuin muturraren lintxamendu kanpaina erraldoia elikatuz. Honen atzean ez dago soilik bisualizazioak lortzeko morboaren bilaketa: Garikoitzek jasandako jazarpen politikoa militantzia politikoaren baldintzak zailtzeko eta borrokari zilegitasuna kentzeko ariketa kontzientea dira, bizi dugun testuinguruan are arriskutsuagoak direnak.
Garai zailak bizi ditugu, eta mila dira erreakzioaren aurpegiak. Ikusten dugu badatorrela olatua, baina tantaz tanta ere hedatzen da, maiz, aurpegi atseginez: alkate «jatorren» eskutik, komunikabideetan, kuadrillako elkarrizketetan… Horren aurrean, ezinbestekoa dugu aurpegi horiei maskara kentzea eta borrokatzea; baita borrokarako baldintzen lubakia defendatzea ere. Doakiola gure elkartasun osoa Garikoitzi, jasandako jazarpenagatik. Doakiela gure babes osoa faxismoaren aurrean eguneroko lanean eta kalean dabiltzan milaka gazteei, faxismoaren aurka grebak antolatzen dituzten ikasleei eta antolakuntzarako hautua egiten duten langile guztiei. Borroka garaia da.
