Bost izarreko auzo bat eraikitzeak dakarrena
Loiolako auzo elkartetik, loiolatarron aldetik jaso dugun kezka eta ezinegona adierazi nahi dugu, Aralar Mendia kaleko sarbidea ixteko udalak hartu duen erabakiaren aurrean, auzoa hiriaren erdigunearekin komunikatzen duen bakarretako bat baita. Horren ondorioz, Dbusek hirigunean dauden 24 eta 27 lineetako hainbat geltoki kendu, eta inguruko eremu batera eraman ditu.
Horrek kalte nabarmena eragin digu loiolatar guztioi, baina, batez ere, adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, adin txikikoei eta garraio publikoaren mende dauden langile eta ikasleei, eragiten digun segurtasun ezaz gain: geraleku berriak biztanle gutxiko eta ibilerraza ez den eremu batean kokatu dituzte.
Izan ere, Aralar 36, Patxillardegi, Loiola Topo eta La Salleko geltokiak kentzeak 650 metro inguru oinez egitera behartzen ditu auzotarrak geltoki berriraino. Bestalde, noranzko aldaketarekin egin diren moldaketekin, oraindik gauza batzuk bukatu gabe daude; astebetez moztu zituzten kaleak norabide aldaketa egiteko, eta dena asfaltatuko zutela pentsatzen bagenuen ere; gure sorpresarako, dena zegoen bezala utzi dute (petatxuekin), seinaleak kendu dituzte hutsuneak utziz, gaizki jarri dituzte beste batzuk… trafikoa arriskutsuagoa da orain. Gainera, autoentzako aparkalekuak kendu dizkigute bizikletentzako jartzeko, denok dakigunean aparkaleku falta dela auzoan daukagun arazorik garrantzitsuenetako bat.
«Garraio publikoa ez da luxua, ekitatea eta lotura soziala bermatzen duen zerbitzua baizik»
Garraio publikoa ez da luxua, ekitatea eta lotura soziala bermatzen duen zerbitzua baizik. Faltan bota dugu udalak auzoan egin dituen aldaketa berriak egiteko gure laguntza eskatzea. Gure ustez, gure iritzia kontuan har zitekeen, auzoaren eguneroko arazoak ezagutzen ditugunak baikara.
Sentsazioa ematen digu auzune berriari eman diola udalak garrantzi eta erosotasun gehiago, eta betidanik auzokoak garenok eta bertan bizi garenok alde batera utzi gaituztela.
Bestalde, Loiolako sarrerak zuzenagoa izan beharko lukeela uste dugu. Honek guztiak auzo isolatu bat utzi digu, eta horrek kalte egiten dio, baita ere, auzoaren barruan dagoen komertzio apurrari. Loiolatarrei zuzenean eragiten dieten arazo hauen aurrean, udalak sentsibilitatez eta arduraz jokatuko duela espero dugu.