Bota dezagun demokrazia zerri askara
Hauteskunde gaua izango dugu etzi, demokraziaren ustezko alter ego-a. Ustezko diot, alderdi politikoek diotenaren aurka, hauteskundeetan ez delako politikarik egiten. Marketing elektorala bai akaso, lelo oso adierazgarriekin gainera, portzierto. Yolanda Diazek botatako «Esto no va de partidos» edo «Donostiarron hiria» gisako lelo hutsalak horren adierazle dira, donostiar guztiak berdinak izango bagina bezala. Hala ere, alderdi politiko guztietako jarraitzaileek (kritikoki aurkezten direnek ere) badute zerbait komunean: politika gauzatzeko egungo demokrazia sistemaren aitortza esplizitua.
Horien artean, betiko jarraitzaileez gain, «kritikoak» agertu zaizkigu, alderdiaren proiektuarekin guztiz ados ez daudenak, baina «txarrenen artean aukera onena da» argudiatuz, bozkatzeko deia luzatzen dutenak. «Instituzioetatik zein kaletik borrokatu behar da» edo «bozkatu ezean faxismoak irabaziko du» gisako ideiak dira sarritan mahaigaineratzen direnak.
Lehenaren zentzu eza uste dut begi bistakoa dela. Espainiako Estatuan guztiz integratuta dauden alderdi politikoen zein bere egituren kale ekimen orok, hauteskundeetarako kalkulu elektoralari besterik ez dio erantzuten. Beste modu batera esanda, ez dago kalerik instituziorik gabe. Hau zalantzan jartzen duenak hormaren aurka joko du behin eta berriz.
Botoak bereganatzeko faxismoaren mamua zabaltzea ere ezkerraren prime time-ean dago. Planteatzen duten dikotomia guztiz faltsua da, izan ere, faxismoaren aurkako borroka, programa politiko antagoniko bat garatzen, benetako internazionalismo bat sustatzen eta adierazpen faxista ororen neutralizaziorako ekimenak bultzatzen egiten da. Kontrara, faxismoari aurre egiteko botoa eskatzen duten horiei ahaztu egiten zaie, demokraziak berak onartzen dituela alderdi faxista hauek hautagaitzen zerrendetan. Demokrazia burgesak, besteak beste, honakoa dakar, ustezko ezkerreko alderdiek Vox edo Frente Obreroren moduko faxistekin butakak partekatzeko aukera.
Beraz, boto kritikoa emateak, gustatu ala ez, alderdiak burututako basakeria guztien erantzule ere bihurtzen zaitu, eta orduan agian norbaitek galdetuko dio bere buruari ea zergatik onartzen dituen gero eta ideia lausoagoak, edo zergatik bere alderdiaren jardunak dituen hain ezberdintasun gutxi gainerako beste alderdiekin.
Politika ulertu eta egiteko modu ezberdinak daude. Bada politika eredu bat egun boto paperekin zerikusirik ez duena, ez dena krisi honen erreforma egitearekin konformatzen. Oligarkiak ezarritako demokraziaren joko zelaia arbuiatu, eta langileria subjektu politiko bihurtzea helburu duena. Programa elektoraletik at, sozialismoa helburu duen programa politiko bat duena eskuartean, sistema honen zutabeak eraisten hasteko.
Igandean A ala B bozkatu, edo abstenitu, egia esan, ez da nire ardurakoa, hori beste batzuen guda izango da agian. Demokrazia honen zirku eguna besterik ez da izango. Politika bera, beste koordenada eta joko zelai batean mugitzen delako.