Bukatu da
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Bukatu da. Sartu dugu gutun-azala kutxan, pasa dugu iluntze oso bat telebistari begira eta, kito, bukatu da. Bukatu dira hauteskundeak. Bukatu dira ilegalizazioaren mamuak, bukatu dira kanpainak, bukatu dira promesak. Egun batez sentitu dugu erabakitzeko gai garela eta gai garela mapari guk nahi dugun kolorea emateko. Orain, berriro ere egunkarien bestaldetik ikusten ditugu alderdien arteko aliantza, istilu eta elkarrizketak. Hauteskundeetan oinarritzen omen da demokrazia gurean. Lau urtetik behin aukeratzen ditugu udaletan ordezkatuko gaituztenak, lau urtetik behin aukeratzen ditugu Batzar Nagusietan ordezkatuko gaituztenak, lau urtetik behin aukeratzen ditugu legebiltzarrean ordezkatuko gaituztenak. Lau urtean behin eskuan sentitzen ditugu beraien izenak, paperak bezain ahul, gure erabakiaren mende. Baina hauteskundeak igaro, eta berriro ere maiuskulaz idazten ditugu Udalak, maiuskulaz Batzar Nagusiak, maiuskulaz Legebiltzarra eta maiuskulaz Demokrazia, Boterea eta Politika bezalako hitz handiak. Gugandik urrun. Beste batzuen esku. Eta ahaztu egiten zaigu orain hasten dela gure ordua. Politikariek aukeratzen dute norekin elkartzen diren eta zer esango dieten kazetariei. Baina gu gara nola bizi nahi dugun erabaki behar dugunak. Euskal Herri euskaldun baten eraikuntza ezin dute lau urtetik behingo gobernu aldaketek bideratu; gizon eta emakumeen arteko berdintasuna ez dute lau urtetik behingo kanpainek lortu, naturarekiko harreman orekatua ezin da lau urtetik behingo azpiegitura-plan erraldoien esku utzi. Erakundeek lagundu dezakete horretan, lan garrantzitsua daukate egiteko, dudarik gabe. Baina gizartea da erakunde hauei balioa ematen diena, gizartea da edukiz betetzen dituena eta baldintzatzen dituena. Erakundeak kolorez aldatu arren, gizartea da nola bizi nahi duen erabaki behar duena. Eta, horretarako, mugitzen jarraitu behar du etengabe; erakundeekin elkarlanean batzuetan eta erakundeekin eztabaidan besteetan; inguratzen duen munduari kritikoki begiratuz. Politika boterearen kudeaketa dela entzun izan dugu beti. Baina demokrazia, boterea eta politika gizarteak eraikitzen ditu, eskuz esku, auzoz auzo eta herriz herri. Hautatu dugu nork ordezkatuko gaituen. Bukatu dira hauteskundeak. Gure lana ez da bukatu, ordea.