'Burua, asteburuan'
Jon Odriozola, kazetaria
Ez da berehalakoan asteburua iritsiko. Tokitan dago. Iragan berriari oraindik ere zeharka begira gaude behintzat eta! Asteburuko protagonistak, futbola eta hauteskundeak izango dira. Hori da hori koktela! Batzuk, Zoihartze eguna, maiatzak 23a, astelehena, bikaina izango dute: helburua lortu izanagatik pozaren pozez azalduko dira lantokian. Adibidez, alderdi politikoak: hauteskundeetan inork ez baitu inoiz galtzen… Beste batzuentzat, berriz, astelehena, ‘astelehena!’ izango da! Kalbarioa. Aste egunak ere bereziak izango dira. Astea, besteak beste, ‘matematika zaleena’ izango da. Kalkulu festarena: «Honek partida irabazten badu, eta beste horrek galdu, orduan…». Zenbat halako entzungo ote ditugu. Baita ekonomialariena ere. «Entzun dut halakok partida irabazi dezan, beste hari diruz ederki beteko dizkiola patrikak». Soziologoena. Gipuzkoako gizartean Getafe eta Realaren arteko partidaren azken emaitzak –bikoteetan, ekonomian…– zer ondorio izango duen aztertuko duela inork. Mezuena. «Orain inoiz baino gehiago!», «Bateginik!»… bezalako esloganak, barra-barra zabaldu eta entzungo dira (hauteskundeetan bezala). Tabernariena. Partida aurretik, partidan zehar eta ostean, gure premiak asetzeko, hozkailuak, apalak eta makinak, –botikaz– garagardoz edo freskagarriz, telebistaz eta irratiz, eta tabakoz, hornituko dituzte. Gure ‘etxeko medikuak’ (kardiologoak). Aztiena: «Esan nuen ba nik…!». Hauekin hitz egitea nahiko zaila izango da, guztiaz baitakite. Jazo aurretik ‘beraiek’ esaten zuten bezala gertatuko baita den-dena. Eta kandelena eta erromesaldiena. Bat baino gehiagok begiak itxi eta Arantzazuko Ama izango du gogoan. «Ama, Reala lagunduz gero – auskalo zer– egingo dudala hitz ematen dizut» bezalako hitz-emateak ere entzungo ditugu. Kandelak ere dezente piztuko dira. Eta aspaldian egin diren aitaren kopuru handiena ikusteko atarian gaude. Zenbat aditu. Zenbat hausnarketa. Bai aste luzea! Ah, ahaztu aurretik. Realeko neskek igandean Kopako itzulerako partida dute. Dema gaindituz gero –joaneko partidan 3-1 nagusitu ziren– balentria lortuko dute: lauko finalerako sailkatzea. Hauek ere asteburuan jokatuko dute. Hauek ere bai!


