Cachopo. Garrote. Ternera. Txapote.
Nire uden amaiera Zinemaldiak markatzen du. Azken oihala jaistean Verano Azul amaierako musika malenkoniatsuaren oihartzunak datozkit, babesgabetasun sentsazioarekin batera. Chanqueteren heriotzak, ile urdina orrazten dugunon udaldiak eraman zituen berarekin, gustura aspertzen ginen denboraldi luze haiek. Zinemaldian hara-hona ibiltzeak aspertu ahal izateko premia sorrarazten dit, baliteke adineko jaun baten nostalgia ziztrinean murgildurik.
Gaur, Zinemaldiko koktel bat saihestu eta hiri honetan erronka bihurtu den abenturari aurre egitea erabaki dut: eskalope bat aurkitzea. Urtero, emanaldien artean korrika eta mokoka ibiltzeak sortzen duen goseak proteina enpanatua eskatzen du. Kursaaletik atera, bizikleta hartu eta Gros turistikotik harago abiatzen naiz, auzoaren ertzetara, baina aurrekoan eskalopea aurkitu nuen tabernan jada ez dute, «solo cachopo». Bizikletan igo eta bilaketa jarraitzen dut.
Auzoaren azken bazterretatik desagertzear dagoen parkean pankarta bat ikusten da udalak lurrak oparitu dizkien Basque Culinary Center-ekoentzat, plater txikiak eraikin erraldoi batean presta ditzaten. Gastrifikazio absurdu honekin, badirudi azkenik herritarrok konturatu garela noraino elikatu dugun munstroa; zein desegokia izan daiteken gure herriaren enbaxadoreetan sukaldari jainkotu batzuk goratzea, gure kultura mundutik zabaltzeko ardura eskolako azkenen eskuetan utzi izana. Garrote! Izan ere, sukaldaritza da Zinemaldian sail propioa duen gremio bakarra.
Bidegorritik atera beharrean aurkitzen naiz, turisten gurpil-maletek bidea oztopatzen didatelako. Bat-batean, bitxiz apaindutako andre dotore batek urrutitik errieta egiten dit espaloitik joatearren. Turista inbaditzaileak seinalatzen ditut baina berari bost axola. Eta arrazoi osoa du andereak; baina, tira, errenta zenbat eta handiagoa, orduan eta txikiagoa da frustrazioarekiko tolerantzia.
Zurriolako bidean pulled pork bao argentinar bat erosi dut, gosea eta poltsikoa engainatu nahian. Hondartzako barandan, guraso batzuek madrildar doinuarekin seme-alabei deika ari dira: «Bosco! Mencía!». Deitu iezadazue mesfidati, baina turista tipologia berriko bi espezimen ditut parean: uda osoa #Quetevotetxapote oihukatzen eman duten cayetanoak, Zinemaldian Josu Ternerari egindako elkarrizketaren zentsuraren alde daudenak, gaur ETA inoiz baino biziago dagoela errepikatzen dutenak… baina, dena delakoagatik, orain arte ez direnak sekula guregana bisitan etorri.
Eguzkitan eseri eta iraileko itsaso surferoari begiratzen diot. Azkenean, aspertzea lortu dut. Baina neure buruari galdetzen diot hainbeste zentzugabe ez ote den oinarrizko beharrak ase dituen gizarte aspertu baten ondorioa. Ea asperdura asmakizun burges bat ez ote den, janari gozoak gozatu beharrean deseraiki egiten dituenak, umekeriatan. Baina ez, ondo pentsatuz, aspertzea gizarte osasuntsu baten jomuga izan daiteke; ordea, betekadak eta nazkak dira gure gaitzen iturburu nagusia. Hori eta modenako ozpin baltsamikoa.