chatGPT
Urduri gabiltza, oso, munduko irakasleen erdiak. Erdiak diot, ezin baitugu ahaztu beste erdiak nahikoa lan baduela ikasleekin aritzeko gutxieneko materialak lortzen eta inoiz ezin duela jakin, parean duen ikaslea bihar meatze batean edo etxeko animaliak zaintzen geratuko ote den lanean, edo azkeneko pupitreko neska ezkondu egingo ote duten bizilagunaren anaiarekin.
Baina bai, beste erdia urduri gabiltza aspaldion.
Zazpi letrako aplikazio batek jarri gaitu urduri. ChatGPT adimen artifizialean oinarritutako tresna bat da, eta ez dakigu ondo zertarako baina ia edozertarako balio omen du. Eskatu frantses iraultzari buruzko 1.000 hitzeko lan bat, 13 urteko ikasle baten hizkeran, eta egin egiten dizu; eskatu lau orriko testu baten zortzi lerroko laburpena, hizkera jantzi eta dotorean, eta egin egiten dizu…
Akabo!
Eta bai, urduri gaude. Baina uste dut ez dugula motiborik, oraingoz.
Ez, oraindik ez da sortu ikasle beraren bi begirada triste berdinen atzean arrazoi ezberdinak antzemango dituen makinarik; ez dago, une zail batean, eskuak sorbaldan jarri eta lau hitzekin zurekin konta dezakeela sinestaraziko dion ordenagailurik; ez dute asmatu, triste zergatik dagoen ez dakienean, bere burua ulertzen lagunduko dion aplikaziorik. Ez, ez dago ikaslea bere bokazioarekin konektatu eta bere bizi proiektua amesten lagunduko dion adimen artifizialik.
Hori bai, irakasleon lana matematika, euskara edo historia erakustea dela uste badugu, orduan bai; orduan badugu urduri jartzeko motiborik. Eta bada ez bada, hobe genuke Google edo Amazonera curriculumak bidaltzen hastea.