Chernobyl
Azken boladan modan jarri dira mundu postapokaliptikoak zizelkatzen dituzten telesailak, eta ez, ez naiz Game Of Thrones-en amaieraz ari. Mundua pikutara bidaliko dugun edo dagoeneko bidali ote dugun susmoa pizten digute, eta onerako ala txarrerako, bizi dugun errealitateak edo historia garaikideak erakutsi digutena baino hobeto ulertzen ditugu mundu distopiko horiek. Horregatik dira horren arrakastatsuak Black Mirror, The Handmaid’s Tale, 3%, The Man In The High Castle, The Rain edo estreinatu berri duten Years and Years. Telesailen boom-aren aurretik ere, istorio distopikoek gizateriari etorkizun posibleez ohartarazi diote, hala nola, George Orwellen 1984, Aldous Huxleyren Bai Mundu Berria edo Ray Bradburyren Fahrenheit 451.
Etorkizun hurbilean eraiki ditzakegun errealitate beldurgarriak ulertzeko balio dute istorio horiek; baina azken finean, istorioak dira, besterik ez. Telebista itzali edota liburuak alboratzen ditugun unean, kalera atera eta mundua beti bezala topatuko dugu. Baina mundua aldatu egin daiteke, edozein unetan; gerrarik, goseterik edota ezbehar handirik bizi ez duen belaunaldikoak gara, eta beraz, historia hurbileko gerra, miseria eta pobrezia kontaketak errealitate distopikoen antzera entzuten ditugu; gure aiton-amonek kontatuta ere, zailtasun handiz sinetsi dezakegu benetan gertatu zirela gauza ikaragarri horiek.
Baina ez dira distopiak egunero Mediterraneo itsasoa zeharkatzeko bizia arriskuan jartzen edota galtzen duten milaka lagunen istorioak, gerretatik ihesi Europan edo AEBetan sartu nahi duten milaka errefuxiatuenak, bizi hobe baten bila gure auzoetara iritsi diren etorkinenak eta orokorrean, komunikabideek egunero kontatzen dizkiguten ehunka eta ehunka istorio beldurgarriak. Unean kezka txikiren bat pizten dute gure barnean, eta segituan ahazten dugu kanalez aldatu edota telebista itzali eta gure normaltasunera itzultzen garenean. Ez garelako gu errealitate hori bizi dugunak. Baina, eta egunen batean gu ere amesgaiztozko errealitate horietako batean murgilduko bagina?
1986ko apirilaren 25ean, Ukrainiako zentral nuklear batetako erreaktoreak eztanda egin zuen, eta denok ezagutzen ditugu ezbehar horren ondorio latzak. 33 urteren ondoren, HBO kateak Chernobyl mini-telesail bikaina estreinatu du, sekulako audientzia datuekin. Kontaketa dramatikoa da, terrorezko film baten soinu bandarekin girotuta eta irudi ikaragarriak erakutsiz. Bost kapituluetako eszena gehienek oilo ipurdia jartzen dute. Arrakasta itzela izan du, baina, ez ote da istorio distopiko berri baten moduan ikusten dugulako?
Telebista itzali eta kalera ateratzean, gogoratu gaur egun AEBek ehun erreaktore dituztela; Txinak 39 zentral nuklear dituela; edota gure bizilagun frantsesek duten energiaren %75 nuklearra dela. Eta Euskal Herrian Lemoiz martxan jarri ez bazuten ere, gure herrialdea 66 zentral nuklearrez inguratuta dagoela eta horietako lau oso gertu ditugula. Txernobyl istripu bat izan zen, baina baita eraiki dugun errealitatea ere.