CNN minus
Xabier Arzelus, idazlea
Berribideak eskuan dituena da, azken finean, iritzi publikoaren indarra bere alde jartzen duena. Ondotxo dakite ikasgai hori munduan zehar ari diren indar politikoek eta indar ekonomikoek – gero eta zailago da bion arteko ezberdintasunak aurkitzea–. Konturatu baitira pertsona bakoitzaren munduan, norberak zuzenean bizitako eta ikusitakoak baino indar handiagoa duela telebistan, irratian edota prentsan aurkeztutako sasi-errealitateak. Beraz, edozein indaren lehen kezka berribideak esku irmoz dominatzea da. Zalantzarik ez dago Espainia aldean telebista bilakatu dela ehiza piezarik preziatuena. Madrilen, esaterako, LTD deritzan telebista motaren jauntxo ia bakarrak eskuinaren eta eskuin-muturraren eskuetan daude eta, hau gutxi izango balitz bezala, indar horiekin parekatuz bederen “aurrerakoia” zirudien CNN Plus hondoratzea lortu dute. CNN “liberalaren” desagerketak Estatuan –antza– oraindik ere omen dauden aurrerakoien mugimendua eta protesta sortu du. Interneten bidez , Avaaz izeneko nazioarteko plataformak CNNren desagertzea salatu du firma bilketa zabal baten bidez. Gertatutakoa adierazpen askatasunaren aurkako gertaera larria dela salatu dute, eta bat nator iritzi horrekin. Dena den, azken urteotan Euskal Herrian berribideen aurka egin diren eraso zuzen eta lotsagabeen aurrean ez dute oraingo «aurrerakoi» askok inolako protestarik, inolako salaketarik egin. Euskal kazetariak hilak eta torturatuak –kasurik larrienetan– izan direnean edo eta egunkariak zein irratiak manu militari hersterakoan bertoko langileak langabezian eta milaka irakurle eta entzule iruzurtz utzi dituztenean, orain “adierazpen askatasunaren alde” – eta arrazoi handiz– azaldu diren askok beste alderantz begiratu izan dute. Eta, beste arlo batera pasatzen bagara –futbolaren mundura, esaterako– Euskal taldeak eta eta Euskal hintxek –Euskal Herrikoak izateagatik– erasoak eta irainak pairatu izan dituztenean –ez da kasu honetan ere erahildakorik falta izan– ez dute inoiz “arrazakeriaren aurkako” erakundeek, bestalde, ezer salatu. Seguruenik “Iparraldeko erretserbako basatiak” defendatzea Amazonian bizi direnak defendatzea baino deserosoagoa egiten zaielako. Bestalde, Realeko zortzi jokalarik presoen sakabanaketaren aurkako manifestaldiarekin bat egin izanagatik hartu dituzten kritikak –klubeko presidentearenak artean!– argi uzten dute zein mugatuak diren pertsona batzuk askatasunari buruz azaltzen dituzten kontzeptuak.