Consolatis aflictorum
Orain dela zenbait hamarkada, sinesmen katolikoa uzteko apostasia egin nuen. Gaur egun, hiru probintzietako lehendakariak bere ardura gain hartzeko, jainkoaren aurrean belauniko zin egiten du, eta guztion ordezkaria da. Datozen egunetan Kixmiren jaiotza (Jesu Kristo, nire moduko jentilentzat) ospatuko da, eta ondoren festa santuen zerrenda luze bat etorriko da, Aste Santua dela, sanpelaioak direla, sanjoanak eta sanpedroak direla…
Eta pribatuak izan arren, gizartean eragin handia duten kirol elkarteak Ama Birjinari lortutako sariak eskaintzera joaten dira.
Bestalde, gaur egun, alderdi politiko baten egoitzaren edo abortua ahalbidetzeko klinika baten aurrean faxistak otoitz egiteko (arrosarioa) elkartzen dira.
Hau guztia normaltasun handiz burutzen da, inkontzientziarekin edo nagikeriarekin, eta kasurik onenetan zenbait talde borrokalarik honelakoetan protesta egiten du, baina gizartearen gehiengoak ez du ezer egiten.
Donostiako Urgull mendian kokaturiko Jesusen Bihotzaren irudia hiri osoan ikus daiteke, eta soilik Xabier Olaberri zinegotziak irudi horren presentzia auzitan jarri zuen. Monumentu hori frankista, faxista eta atzerakoia da, diktadura militar batek indarrez ezarritakoa.
Borondade Ona izeneko CNTko oroimen historikoaren taldetik idazten dut, eta Polloeko mausoleo frankistari esanahia aldatzeko egindako prozedura salatu nahi dut, iraingarria eta onartezina baita, bertan lurperaturik dauden gure burkideen gainean gurutze handi bat utzi dutelako. CNTk bertan burkideak badauzka, baina EAJk ez. Politikariek bertan egin behar zena erabaki eta burutu duten bitartean, guri inortxok ere ez digu iritzia eskatu.
Tradizioa omen da, Morkaiko mendiko (Elgoibar) gurutzearekin gertatzen den moduan. 1937an eraiki zuten eta oroigarri hau faxista eta tradizionalista da, bertan hil ziren borboi frankistaren eta bere errekete madarikatuen omenez eraiki baitzen.
Gurutzean zeuden plakak kendu zituzten, bai, baina zutik gelditu zen, eta hau Gipuzkoako Hirugarren Konpainiako gure burkideentzat iraingarria da, odola bertan isuri zutelako. Berriz ere EAJren jarrera agertzen zaigu, eta berriz ere jende epelaren epelkeriak lagunduta, eta porlanezko gurutze madarikatu horrek zutik dirau, eta gurutzearekin batera irainak eta arau hausteak.
Oroimena iraunarazteko porlanaren ordez, burdin urtua erabiltzen dela aipatu didate. Nik, Pasaiako Bardoak bezalaxe, esango dizuet,
Eguzkiak urtzen du han goian
gailurretako elurra
uharka da jausten ibarrera
geldigaitza den oldarra.
Oroimena ez diezazuetela ezabatu.