Cormetik Pasaiara, askatasunaren alde
Migrazioa gaur egun denon ahotan dabilen gaia da, eta gure herri zahar eta nekatu honetatik, begirada gure Galiza maitagarrira bideratuko dut. Itsasoko jendea aipatu behar dut, guztiz gogorra den ogibide latz honetan lanean aritzera XX. mendeko lehenengo hamarkadetan handik etorri baitziren. Begirada Pasaia, Trintxerpe eta Bidebieta aldera bideratuko dut.
Klase kontzientzia handia zuten, eta antolaturik eta egituraturik zeuden. Garai hartako giroak langileriaren borroka lagundu egiten zuen, baina langile borrokalariek euskal burgesia atzerakoiaren erdeinua jasan behar izan zuten, burgesiak egoera hau ez baitzuen begi onez ikusten. Hau ezaguna al zaizue? Pio Barojak idatzitako zoritxarreko zenbait aiputan ere erdeinu hau garbi ikus daiteke.
Francisco Saleta Varela Cormekoa zen eta 1929an Costa da Mortetik Pasaiara etorri zen. Hasieran, La Polar (UGT) sindikatuko kide izan zen, baina bilakaera ideologiko baten ondorioz, Avance Marino sindikatuko eta CNTko kide bilakatu zen. Franciscok Ategorrietako sarraskia gertutik bizi izan zuen eta Pasaiako gertaera iraultzaileetan, 1934an, atxilotu zuten. Ategorrietako sarraskia aipatu da, eta manifestarien aldarrikapen nagusia gogoratu behar dela uste dut, Ogia gure seme-alabentzat lelo nagusia izan baitzen.
«Idazki motz honetatik gaur egungo errealitatean txertatzeko irakaspen ugari lor daitezke, eta sinplekeria arrazista eta faxistaren aurrean, gizateriaren konplexutasun aberatsa aurkitu daiteke»
1936ko uztailaren hirugarren astean, matxinada faxistaren une nahasi eta gogorrak bizi izan zituen. Atzerakoiek mozorrorik gabe jokatu behar zela erabaki zuten, eta egoera honi aurre egin behar zitzaion. Pasaiako apeza zen Felipe Goena matxinoentzako armak garraiatzen ari zela atxilotu zuten, eta Franciscoren zaintzapean gelditu zen, baina Pescaderia kalean amorru bizian zegoen jendetzak apeza exekutatu zuen. Apezaren hilketa Francisco Saletari leporatu nahi izan zioten, baina gertatu zena ikusitako lekukoek esanikoek salaketa hori indargabetu zuten.
Pasaia inguruan izandako borroka ugarietan aritu zen, eta azkenik, Gaintxurizketako gainera bidali zuten. Irailean, Bilbora alde egin behar izan zuen, eta hori batailoiak osatzeko unea izan zen. Franciscoren aberkideak bereziki CNTko bi batailoietan aritu ziren, Celta eta Bakunin (Franciscok izena hemen eman zuen). Bilbon, berriz ere, burgesiaren erdeinua pairatu zuten, Donostiatik “alde egin zutelako” eta esku dirua zutelako (Gipuzkoako Defentsa Batzordeak emandako dirua zen, itsasoan arrantzan lan egiteagatik). Baina, batez ere, erdeinu hori beraien izaera anarkistaren ondorioz sortu zen, izaera horrek mesfidantza sortzen zuelako.
Bilbotik zuzenean Arabako frontera jo zuten, eta jarduera militarraren egoitza Amurrion zela, Legutioko erasoan parte hartu zuten. Eta lubakietan Galizako odola Euskal Herrikoarekin nahastu egin zen.
Ez dakit hau irakurriko dutenek ote dakiten, baina, paradoxikoki, CNTko zenbait batailoiren ibilbidea Santoñako Ituna izenekoarekin bukatu zela esan behar da. Francisco eta bere burkideentzat atxiloaldia futbol zelaian, espetxea, lan eremuak eta langile batailoiak hasi ziren… Sufrimendu latza.
Francisco Saletaren bilobari bere biografiaren berri guri eman izana eskertu nahi diot, bere aurkako gerra epaiketa irakurri ahal izan dugulako. Eta ikusezinak izandako emakumeak ere gogoratu nahi ditugu, eta Carmen Pombo Chans aipatu behar da, baina zoritxarrez ez dugu bere aipamenik aurkitu erregistroetan. Berriz ere, Galiza eta Euskal Herria askatasunaren aldeko bidean batu egin dira. Agur eta Ohore!
Ene uste apalean, idazki motz honetatik gaur egungo errealitatean txertatzeko irakaspen ugari lor daitezke, eta sinplekeria arrazista eta faxistaren aurrean, gizateriaren konplexutasun aberatsa aurkitu daiteke.
Nik behin baino gehiagotan esan dudan bezalaxe, Euskal Herriaren historiak ere konfederakundearen koloreak baditu, beltza eta gorria.