Nola erabili harri bat
Kultur hiriburuaren urteari hasiera emateko ekitaldian, Anari Alberdiren kantu bat aipatu omen zuen Eneko Goia Donostiako alkateak, Zubiak hain zuzen ere, eta ez da harritzekoa, hola boteprontoan okurritzen zaizkit hamaika arrazoi baleko doinu hori ekartzeko gogora, besteak beste, halako egitura arkitektoniko batean gertatzear zela ekitaldiaren muina, hots, Maria Kristina zubian; egitura hori badela, gainera, elkarrengandik gertu-gertu ez dauden bi eremu lotzen dituen horren metafora; bete-betean dabilen ibilbide luzeko euskal kantaria dela Alberdi.
Aipamenaren berri izan nuenean, hala ere, berehala pentsatu nuen ez zela huraxe aukerarik aproposena, ez behintzat elkarbizitzarako kultura sustatu nahi zuen proiektu batentzat. Hauxe dio, besteak beste, Anariren kantu horrek: “Hautsi duzu, eraikitako zubia deuseztatu / eta orain harri pilo bat baino ez dugu, / min egiten duten milaka harri dugu / elkarri botatzeko”. Eta gero: “Eta denboraz, azkenean geu ere harri bihurtu, / ez dugu sinesten eta ezin sentitu, / hitzak sugeak bailiran lotzen zaizkigu, eta ezin askatu”. Eta azkenik, estribilloa: “Eraikitako zubia amildegi egin zaigu, / eta ibaia erdian harro pasatzen zaigu, / denbora bailitzan dena emanez ezabatu”.
Baina agian asmatu zuen alkateak, nahi gabe izanik ere. Argi dago: badirudi zubia ez baizik amildegia eraiki dela, proiektuaren eta herritarren artean. Argi dago: hitzak, eta, zehatzagoak izate aldera, hitz bat, elkarbizitza, sugea bailitzan lotu zaigu. Aurten ere, Kutxabankek jendea etxegabetu du, gizonek eraso eta akabatu dituzte emakumeak, etxerik gabekoak hil dira kalean, gure hiriko hainbat tokik jarraitzen dute oztopo izaten, iritsezin, modu jakin batean mugitzen ez direnentzat, segurtasun-indarrek plazetatik kanporatu dituzte aldarrikapenean ari zirenak, zenbait artisten lanak debekatu dituzte, pertsona horiek preso egon eta beren autoretza iraingarria izan zitekeelakoan, preso dauden pertsonen artelanak biltzen zituen erakusketa bat izan arren.
Argi dago, bai: harri pilo bat dugu, mingarriak, elkarri botatzeko prest. Espetxeetakoak, eraitsitako ametsenak. Harriak, hala ere, erabiltzen dira bestelako metaforetan ere. Zerbaiten lehen alea, lehen harria jartzea da eraiki nahi den zerbait horri nork bere ekarpentxoa egitea. Bi mila eta hamaseia amaituko da, laster, baina horren itzala luzatuko da, eta gu ere hementxe egongo gara, hiriko zubietan, plazetan eta guneetan. Harriak egoki jaurti ez ezik lurrean ilusioz ipintzeko gogoz helduko diot urte berriari.