Dani Goñi: 'Miren, Aitziber, Eneko... zergatik?'
Dani Goñi, irakaslea.
Donostiako 17 idazlek Donostiako udal liburutegiari Txillardegi izena jartzeko eskaerari ezezkoa eman zenioten. Euskaldun gisa mina eta haserrea eragin zidan erabaki horrek. Orain, aste batzuk igaro ondoren, eta hasierako sumindura baretuta, publikoki galdera egitera ausartuko naiz. Ez baitut ulertzen, ezin baitut ulertu, edo ez dudalako ulertu eta amore eman nahi.
Zuei, Miren Azkarate, Aitziber San Roman eta Eneko Goia, zuzentzen dizuet galdera, EAJko zinegotzien artean zuek ezagutzen zaituztedalako. Eta, zergatik ukatu, zuengandik beste zerbait espero nuelako. Bai baitakit zuek ere aitortzen diozuela Txillardegiri sobera meriturik liburutegiak haren izena izan dezan. Zuengatik balitz ez legokeela arazorik, baina…
Galderak berdin berdin balio du PSEko Marisol Garmendia eta Denis Itxasorentzat ere. Euskaldunak izanik ondo ezagutzen baitituzte Txillardegiren merituak.
Edo, zergatik ez, PPko Jose Luis Arrue edo Iñigo Arkauz zinegotzientzat ere. Euskara ikasten ari dira, eta hauek ere jakin behar lukete ikasten eta berreskuratzen ari diren hizkuntzarentzat eta euskaldunontzat, zein garrantzitsua izan den Txillardegiren lana.
Zalantzarik ez dut proposamenaren egokitasunaz. Udaleko kultura arloko teknikariek ere egokitzat jo zuten Txillardegi izena udal liburutegiarentzat. Eta Txillardegi beraren merituei dagokionez, zer esango dut, udalak berak eman baitzion Hiritar Merezimenduaren Domina EAJren, PSEren eta Bilduren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin.
Ez naiz ni hemen hasiko Txillardegiren ekarpen aberats eta garrantzitsua aipatzen, dela literaturan, euskara batuaren sorreran eta garapenean, hizkuntzalaritzan, saiakeran… Ni baino jakintsuagoak diren askok idatzi dute horri buruz. Tartean zuk zeuk Miren.
«…Nik, eta nik bezala beste askok, Larresororen eskutik egin genituen Euskara Batuaren ibilbidearen hasierako urteak. Horixe da gaur eguerdian indartsu piztu den oroitzapena. Askotan esaten dugu izan direlako gara; garelako izango dira. Ezin da jakin zer gertatuko zen Baionako Biltzarra izan ez balitz, Euskara Baturik izango ote genukeen, edo nolako izango zen balizko Euskara Batu hori. Baina ez da zalantzarik gaur guztion artean landu eta umotu dugun eredua zordun zaiola Jose Luis Alvarez Enparantza Larresorori, bere kemenari eta lanari».
Duela gutxi gure artetik joan den beste euskaldun eta euskaltzale handi batek, Ramon Labaienek, horrela zioen Txillardegiz: «Lehenengo Jose Luis zen, gero Txillardegi. Bere burua euskaldun bihurtu zuen gizona zen, jo eta ke lanean, gaztetan ezagutu nuenean ez baitzekien euskaraz eta gero ikasi baitzuen. Euskarari hainbeste eman dion gizona da eta euskarak hainbeste zor diona, nahiz eta aitortu behar ziotenek ez dioten inoiz aitortu». «Mundu honi buelta eman nahi zion eta iraultzaile bat zen. Bestalde, pieza bateko gizona zen, intelektualki zorrotza, nahi baduzu ere zakarra, ergelkeriak ez zituelako onartzen. Pieza bateko gizona zen, gizon garbia».
Hamazazpi idazlek egindako eskaerak babes zabala eta anitza jaso zuen oso egun gutxitan. Nik gehienak ez nituen ezagutzen, baina bai hainbat jende aniztasunaz jabetu ahal izateko.
Nik galdera luzatu dizuet, baina ez dakit erantzunik nahi dudan. Ez dut uste eskaera babestu genuen guztiok, eta euskaldunok oro har, azalpena denik behar duguna. Hasten ari omen garen garai berri honetan, garai zaharreko erantzunak eta jarrerak baino, berrietara egokitutako erantzunak eta erabakiak behar ditugu.
Asteartean, urtarrilaren 14an, bi urte egin zituen Txillardegi joan zitzaigula. Ez dut uste Txillardegik halako erantzuna merezi zuenik, ezta bere sendiak ere. Baina, ezta euskaldunok ere. Gure memorian, euskal memorian, ondo gorde behar dugu euskararen, Euskal Herriaren eta euskaldunon alde hainbesteko lana egin duen Txillardegiren izena eta izana. Koldo Mitxelenarena gorde behar dugun bezalaxe.
Hori hala izan dadin elkarlanean segitzeko asmo tinko eta zintzoa dudala (dugula) berresten dut.