Dani Goñiri erantzuna Txillardegiri buruz idatzitakoaren harira
Badakizu nola apreziatzen dudan egin eta egiten duzuen lan guztia gure hizkuntza eta kulturaren alde. Gaur irakurri dut Irutxuloko Hitza-n idatzi duzuen gutuna: Ai, Txillardegi, zer egin huen horrela tratatua izateko? Guztiz ados jarritakoarekin. Txillardegik merezi du Udal Liburutegiari bere izena ematea eta askoz gehiago.
Uste dut egokia izan daitekeela anekdota hau gogoratzea. Txillardegiri Urrezko Danborra emateko proposamena egin genuenean, oposizioko partidu guztiek ezetz esan ziguten. Azkenean lortu genuen Hiritar Merituaren Domina ematea. Ekitaldi ofiziala hastear zegoen eta nirekin batera Eneko Goia, Miren Azkarate eta Donostian oso ezaguna den txistulari bat geunden harrera gelaren ondoko pasillo batean. Laugarren pertsona honek zuzenean galdetu zuen nolaz ez zitzaion ematen urrezko danborra Txillardegiri, domina errekonozimendu eskasa iruditzen baitzitzaion. Nik beste biei galdetzeko esan nion, eta beste biek Donostiako beste idazle baten izena bota zuten (hurrengo urtean domina eman zitzaion), esanez, badaudela beste batzuek, merezi, merezi, denek merezi dutela… eta antzekoak. Gure laugarren pertsonak moztu zien esanez mesedez, gainontzekoen balioa zalantzan jarri gabe, Txillardegi beste maila batean zegoela, eta zehazki Koldo Mitxelena aipatu zuen.
Zergatik diot hau? Justiziakoa iruditzen zaidalako egia jakitea. Eta Txillardegik Urrezko Danborra ez bazuen jaso, edo Udal Liburutegiak Txillardegi izena ez badarama da PNVk ez zuelako nahi izan (PNV aipatzen dut, espero genuelako gai honetan behintzat, inork baino hobeto ezagutzen duelako Txillardegiren lana, politika zikinak alde batera utzi eta Euskal Kulturaren aldeko jarrera erakutsiko zuela). Zergatik ez zuen nahi izan? Benetan, ez dut politikoak bezala hitz egin nahi, baina interes politikoengatik izan zela esateko ez da aparteko analista izan beharrik. Beste gauza askotan gertatu zen bezala, asuntoa zen ezezkoa esan gobernuak atera nahi zituen hainbat gauzei, gobernuan Bildukoak geundelako. Behin eta berriz esaten nien: baina hau Txillardegi, Euskara, Kultura, Hiria… zigortzea da, ez Bildu zigortzea, ez zarete konturatzen? Tristea, nire ustez behintzat. Beste batzuek esaten zidaten hori dela politika (besteen politika izango da, ez nirea behintzat!).
Eta hau dena diot zure gutunean aipatzen duzulako hasieran, “EH Bilduk zeukan orduan alkatetza, eta, agian, ez zen momentu egokia batzuentzat. Auskalo!”. Ez dakit zehazki zer esan nahi zenuen, baina interpretatu daiteke guk baloratu genuela ez zela momentu egokia. Horrela bada, zuzendu nahi dizut. Momentu egokia zen, noski! eta, nire iritziz, berandu iristen bada ere, txalotu egingo dut izena jartzen zaionean, alkate edozein egonda ere. Gobernuan geunden bai, baina gogoratu udalbatzan 8 ginela eta oposizioan, berriz, 19. Hori bai, PNVkoak 6 ziren. 8+6= 14, gehiengoa. Atera kontuak.
Bueno, itxaropena ez da galdu behar. Ziur nago Txillardegik bere errekonozimendua izango duela, eta zergatik ez, liburutegiaren izena ere Txillardegi izango dela. Justiziakoa dela eta merezi duela pentsatzen dugunok asko gara, baita ere bere momentuan ezezkoa bozkatu zutenen artean.
Eta animoak bukatzeko, horrela jarraitu ezazue,lan bikaina egiten duzue eta!
Juan Karlos Izagirre Hortelano, Donostiako alkate ohia