Deitu egin behar zaio
Polen hautsak baino, obra hondakinek harrotu dituzte Parte Zaharreko ezkaratzak. Ez zirudien, baina loratu dira Antiguan gereziondoak. Olatz Salvadorrek kantu berria atera du. Polloeko hilerriak udako ordutegia izango du. Ordubete gutxiago lo egitearen truke luzatu zaizkigu egun argiak. Heldu da udaberria. Eta aldarte serioenak ere ezin du irri txoroa ezkutatu lore sorta baten aurrean.
Udaberriari deitu egin behar zaio, ordea. Ondo dakite hori, adibidez, Añorgako dibertimenduko lagunek. Gure amonak aipatzen du udaberria Francok ostutako gauzen inbentarioa egiten duenean: el idioma, el carnaval, la primavera, el jolgorio…
Baliteke Donostiak oraindik ez kitatu izana udaberriarekin eta zalapartarekin duen zorra. Alegia, ez ote garen ohitu gure hiria seko aspergarria dela dioen koplara. Beti uste izan dut merezia duela titulua. Pisukideak ohartarazi zidan behin, ordea, gurea ez dela hiri solemnea, gentrifikatua baizik. Gauza diferenteak dira. Begirada aldatuz gero, Donostia ez da horren ñoñostiarra.
Hiriko eraikinekin egin daiteke proba. Egin dezagun free-tourra. Jatetxe eta pasealeku dotoreek ezkutatzen dute gatz eta piperrik. Esaterako, 1982ko goiz batez Nautiko zuria «Nautico, marrano, caga en tu casa» pintaketarekin esnatu zen. Portu kaleko 9 zenbakian, Ubarrechena mastodonteak jatetxea duen tokian, astindu zen lehenbizikoz hirian bandera gorri bat, 1909ko maiatzaren 1ean. Arzak paretik igaro zen errepublikan egin zen lehen greba orokorreko manifestazioa, Pasaiako arrantzaleena. Hain zuzen, Ategorrietan Guardia Zibilak tiroz gelditu zuena, zortzi hildako eta 36 zauriturekin.
Udaberriari bezala, zalapartari ere deitu egin behar zaio. Bitxikeria eta anekdota epikoez harago, historia nork kontatzen duen bezain inportantea da nondik. Eta kontakizuna orainean idazten da.
Ibai ertzean badira artisau garagardotegi eta kafetegi garesti bat. Bada, hantxe izan zen ere Urumea frontoia, non saltsa bazen sobran; Dolores Ibarruri Pasionaria eta Jesus Larrañagaren joan-etorriak medio. Joan gaitezke ibaiaz beste aldera, Maria Cristina hotelera. 1916an Trotski pasatu zen handik. Itsasoarekin liluratu eta prezioekin ikaratu omen zen. Hogei urte geroago, 1936ko uztail hartan, militarrak lubakitu ziren bertan. Hainbat donostiarrek lortu zuten eraikina hartzea. Jakin nuenean Trintxerpetik ekarritako torpedo bat sartu zutela Urumean barrena, ezin izan nuen ukatu hiriaren historian izan dela jaleorik.
Diote udaberrian esnatzen dela lo zena. Donostian izan zen eta egun ere bada martxarik. Parke tematikoaren bihotzean dago Birunda. Gauero banatzen dituzte KASeko kideek afariak. Kanadaraino ailegatu ziren M30eko greba feministaren irudiak. Hor bizilagun eta gazte asanbladak. Ez dut hiria sobran erromantizatu nahi, espero dut ulertuko dela puntua. Udaberriari bezala, zalapartari ere deitu egin behar zaio. Bitxikeria eta anekdota epikoez harago, historia nork kontatzen duen bezain inportantea da nondik. Eta kontakizuna orainean idazten da.
Horregatik, udaberri honetan, nire partez lore sorta bat IRUTXULOKO HITZAri. Aurrera begiratzeko Atzera begira frikiengatik. Hiri eredua langile klasearen historiak ere ardazten duela azaltzeagatik. Hemen ere ramadan ospatzen dela kontatzeagatik. Poliziaren inpunitatea elikatzen duten zurrumurruei kontra egiteagatik. Eta abar luze batengatik.
Bide batez, baita nire hizkien aterpe izateagatik. Itsasoaren alde eta udalaren kontra idazten utzi didate denbora batez. Baina, azken honekin banoa zutabe honetatik. Nireak ez diren lerroek guk nahi dugun hiriaren kronika egingo duten konfiantza osoz. Egingo dugu topo berriro, eta baita topa ere. Eta kantatuko dugu, Tatxersen doinuan, gurea dela lore sorta bat.