Denboraren bideak
Oroimen historikoaren aldeko lanean, askotan, hamarkadetan atzera eginik, aspaldiko miliziano eta ekintzaileei buruz jakiteko, senideei eta edozein laguni informazio eske deitu egiten diegu. Gehienetan, erantzuna isiltasun izugarria izaten da, denboraren iraganaren ondorioz, edo gure oroimena ezabatzeko egin duten ahalegin politikoaren ondorioz, 80-90 urte igarotzen direnean, oroimena lausotu edo galdu egiten baita.
Diego Franco Cazorla eta Antonio Lopez Fanlo Irunen atxilotu zituztenetik, ikusezin bihurtu ziren, torturapean egon zirenean, espetxeratu zituztenean eta fusilatu zituztenean. Egunkarian argitaraturiko ohar batean, bi banketxe lapur fusilatu zituztela baizik ez zen aipatzen.
Kasu hau ikertzen hasi ginenean, erantzun bakarra isiltasuna izan zen. Arrazoi politikoak zirela eta, 1947an Donostian norbait fusilatzea ezinezkoa zela esan ziguten, baina Xabierrek guda kontseiluaren berri lortu zuenean, militar frankisten eskutik hau nola, noiz eta non gertatu zen jakin ahal izan genuen. Guda kontseiluaren agirian ere gorpuak non aurki zitezkeen aipatzen zen, eta toki horren bila Polloeko hilerrira joan ginen, baina ez genuen ezer aurkitu. Isiltasuna, besterik ez. Beraien hilobia ez zela inoiz hilerrian egon esan ziguten, baina 1936an askatasunaren aldeko borrokan hildako gehienei gertatu zitzaien bezalaxe, beraien gorpuak hezurtegi orokorrean egongo zirela ondorioztatu genuen, urtebete geroago Konporta baserrian eraildako makiekin egin zuten bezalaxe, ahanzturan eror zitezela nahi zutelako.
Irutxuloko Hitza hedabideko Beñatekin egindako erreportaje baten bidez, CNTko kide hauen oroimena berreskuratzeko lan egin genuen. Ikertu dugun guztiaren berri emateko, Kaxilda liburu dendan hitzaldia egin genuen, eta fusilatu zituzten toki berean omenaldi xume bat eskaini genien.

Antonio Lopez Fanlo militante anarkistak bere familiari idatzitako azken gutuna, Bidebietako tiro eremuan fusilatu baino ordu batzuk lehenago.CNT Gipuzkoa
Eta hemen zuekin partekatu nahi dugun albistea agertzen da. Katalunian, amona bat berriki zendu zen. Bere senideak amonaren aferak begiratzen hasi zirenean, amonaren aitak fusilatua izan aurretik idatzitako azken eskutitza aurkitu zuten, heriotzaren zain kaperan zegoenean idatzitakoa. Amonaren aitaren argazkia eta lurperatu zuten hilobiarena aurkitu zituzten. Hilobian egindako argazkian, garai hartan umetxoa zen amonak argazki kamerari begiratzen zion, laguntza eskatuko baligu bezalaxe. Amonaren senideek honetaz ez zekiten ezertxo ere. Amonaren aitak izena Antonio Lopez Fanlo zuen. Senideek Interneten bilatu zuten eta gurekiko harreman bidea lortu zuten.
Eta orain, Donostiako Udalari galdera zuzen eta zehatza egin nahi diogu. Jose Maria de Arrospide Alvarez, Plasenciako kontea, 1936an, Errepublikako legearen babespean, Molaren laguntzailea izateagatik fusilatu zuten, eta bere hilobia oso-osorik dago. Antonio Lopez Fanlo eta Diego Franco Cazorlaren hilobia, aldiz, suntsitu egin zuten eta beraien gorpuzkiak 2010ean hezurtegi orokorrera jaurti zituzten. Hau zergatik gertatu zen? Hau nork azalduko digu? Oroimen historikoa dela eta lege ezberdinak onartu badira ere, militante hauei zor zaiena eskaintzeko (egia, justizia eta erreparazioa) inortxok ere ezer ez egitea nola izan liteke?
«Oroimen historikoa dela eta lege ezberdinak onartu badira ere, militante hauei zor zaiena eskaintzeko (egia, justizia eta erreparazioa) inortxok ere ezer ez egitea nola izan liteke?»
Denboraren bideak jarraituz, iraganeko ahots bat iritsi zaigu, eta oroimen historikoaren alde lanean diharduen talde honentzat hunkigarria da, baina, aldi berean, lortu ezin dugun guztiak etsipen sentimendua eragiten digu, gure lurraldean lubakietan eta hobietan lurperatutako borrokalari guztiei buruz jakin nahi dugulako. Iluntasuna dagoen tokian argia nahi dugu, eta hori lortzeko zuen laguntza behar dugu. Zenbat eta gehiago izanik, orduan eta urrunago joango gara.
Gurekin harremanetan jartzeko helbidea hauxe duzue: oroimena@gipuzkoa.cnt.es.