Denok aske izan arte
Artikulu honetan maiatzaren 1aren bueltan hausnartutakoak plazaratu nahi ditugu, espeziea langileriaren elkartasunerako muga bat ez dela ikusarazteko. Honek eztabaida luzerako eman dezakeen arren, laburtzen eta errora joaten saiatu gara. Gainera, egun ez dago garatuta marxismoa eta animalien askapena uztartzen dituen diskurtsorik (saiakera ugari egon diren arren), beraz, irakurleak bultzatu nahi ditugu gaiari buruz pentsatzera eta, agian, jarraian azalduko ditugun argudioetan oinarrituta, teoria oso bat proposatzera.
Jakin bezala, Marxek zioen langileriaren askapenak berekin ekarriko zuela emantzipazio unibertsala, hau da, zapalkuntza ororen suntsiketa. Honi kritika eta eguneratze ugari egin zaizkio, klaseaz gain beste zapalkuntza batzuk jasaten dituzten norbanakoen aldetik batez ere. Eta marxismoak azken hamarkadetan garatzen joan diren beste borroka batzuk jaso dituen arren (borroka feminista, ekologista…), oraindik gutxi dira gizakiz haragoko animaliak subjektu bezala ulertzen dituztenak. Gizakiz haragoko milioika animaliak pairatzen dute esplotazioa, menderakuntza eta zapalkuntza, beraz, haiek ere emantzipazio unibertsalaren parte izan beharko lirateke.
Klase borroka eta animalien askapena batzeko proposamen bat izan zen Los animales son parte de la clase trabajadora saiakera (Jason Hribal, Ochodoscuatro Ediciones 2014). Bertan gizakiz haragoko animaliek kapitalismoaren garapenean izan zuten paper aktiboaz hitz egiten da, nekazaritza, abeltzaintza eta industria iraultzarekin ematen den gizaki eta ez-gizakien arteko harreman historikoaren aldaketaz (industrializazioa baino lehen ere animaliak jazartzen ziren arren). Idazlearen ustez, gizakiz haragoko animaliek lan produktibo eta erreproduktiboak egiten dituzte, industriako makinak mugiaraziz eta aldi berean gizaki langile eta burgesak elikatuz. Haien gorputzak, bizirik ala hilik, produktu, truke-balio eta metaketarako bezala erabiltzen dira. Honetaz gain, haien denbora eta lan indarra merkantziak sortu eta garraiatzeko erabili izan da. Eta, ezkutatu egiten den arren, beren zapalkuntzaren kontrako erresistentzia aktiboa egin dute.
Gure ustez, ezinbestekoa da irakurketa hau gizakiz haragoko animaliek prozesu historikoetan eta kapitalaren metaketan jokatu duten papera ulertzeko, baina ez genuke esango animaliak langile klasearen parte direnik. Egia da haien esplotazio eta zapalkuntzak gainbalioa birsortzeko balio duela, langile gizakiek bezala. Baina langile izaki honek, alienatuta eta testuinguruak derrigortuta egiten duen arren, «onartu» egiten du lan hori eta horren trukean soldata bat jasotzen du (oso zaila den arren esatea aukeratu dezakeela). Langile ez-gizakiek, berriz, ez dute inolako erabakitzeko gaitasunik. Beraz, tresna edo jabetza izatetik gertuago daude. Gainera, egun ekoizpen sistemak aldatu egin dira eta ez da gehiago haien lan-indarra erabiltzen, haien gorputza baizik, objektu edo lehengai bezala. Ez dugu aurkitu hau definitzeko terminorik.
Baina zerbait badugu argi: gizakiz haragoko animaliek gizakiok bezala dute sentitzeko gaitasuna, guk bezala dute bizitzeko eta ez sufritzeko interesa eta agentzia dute hau ekintza bidez erakusteko (ihes eginez, makinak suntsituz eta jazartzen dituzten gizakiak erasoz). Beraz, espezie desberdintasuna ezin da inoiz aitzakia bat izan gure pribilegioak betikotzeko eta zapaltzaile izaten jarraitzeko. Gora langile borroka! Gora borroka antiespezista!